- Horrekin lotuta, Herbehereetan, urruneko gidatze eta gidatze automatiko eta autonomoko probak egin ditu
- Enpresa Nederlandse Spoorwegen tren-operadorearekin elkarlanean ari da proiektu honetan
CAFen seinaleztapeneko sailak berrikuntza teknologikoko helburu handiko proiektua osatu berri du. Proiektuaren helburua Herbehereetan GoA4 mailara arte (erabat autonomoa) Trenen Operazio Automatikoa ezartzea izan da eta Nederlandse Spoorwegen tren-operadorearekin elkarlanean egin du.
Treneko automatizazioaren arloan egindako mugarri esanguratsua da eta nazioartean berrikuntza teknologikoaren erreferente gisa enpresaren posizioa sendotu du.
Proiektu honek funtsezko bi jarduera-lerro zituen. Lehenengoaren, ATO Enduranceren, baitan, GoA2 mailan (gidaria kabinan doala egindako gidatze automatikoa) ATO sistemaren proba zehatzak egin dituzte, Herbehereetako trenbide-sare guztian operatzen, trenaren babes automatikoko sistema (ATP) edozein izanda ere: ETCS (Europako estandarra), ATB sistema nazionala edo bien konbinazioa. Horren helburua energia-eraginkortasunarekin, puntualtasunarekin eta gaitasunarekin lotutako hobekuntzak ebaluatzea izan zen, egindako 40.000 km baino gehiagoko ibilbidean.
Bigarren ikerketa-lerroa Remote/Autonomous Shunting delakoan oinarritu da; hau da, urruneko operazioak eta operazio automatizatuak gauzatu dira biltegiko benetako ingurune batean, biltegiaren eta lehen/azken geltokiaren arteko ibilbidea barne (baita trafiko mistoarekin ere). Proba horietan, urruneko moduan egindako maniobrak (GoA1 eta GoA2; eskuzkoa eta automatikoa, hurrenez hurren) eta erabat operazio autonomoak (GoA4, gidaririk gabe) egin ziren.
Programa arrakastatsua izan zela agerian geratu zen De Vorkeko biltegiaren eta Groningeneko geltoki nagusiaren artean egindako erakustaldian (Herbehereetan). Erakustaldi hartan, gainera, urruneko gidatze bidez bi ibilbide osatu ziren (GoA1) urrunetik kontrolatutako akoplamenduarekin eta banaketarekin, eta GoA4 mailan egindako ibilbide bat. Azken horrek, gainera, beste zeregin aurreratu batzuk jaso ditu: kabinak aktibatzea, beste tren batzuekin egindako akoplamendua eta banaketa, alboko seinaleztapena errespetatuz eta oztopoak detektatuz egindako gidatzea (besteak beste, bideko topeak, trenak eta manikiak).
Eguraldiaren baldintzak aurkakoak izan ziren arren (euri handia eta elurra ilunabarrean), pertzepzio-sistemak fidagarriak izan dira eta horrek operazioen arrakasta bermatzen du.
“Lorpen horiek tren arloko automatizazioko eta seinaleztapeneko teknologien garapenean CAFek duen lidergoa azpimarratu dute. Era horretako ekimenek agerian uzten dute tren arloko garraioa modernizatzearekiko eta etorkizun eraginkorragoa, seguruagoa eta jasangarriagoa lortzearekiko gure konpromisoa”, adierazi du Jon Alzatek, CAFeko seinaleztapen saileko zuzendariak.