Pariseko Garraioen Enpresa Errentari Autonomoak (RATP) CAFi esleitu dio tren-makina elektriko dualen diseinua eta fabrikazioa; hau da, dual motakoak direnez, katenarietatik lortutako energiaren bidez zein unitateari gehitutako baterien bidez funtziona dezakete. Oinarri-kontratuak 12 unitateren hornikuntza jasotzen du eta beste 6 tren-makina hartzeko aukera biltzen du. Kontratuaren gehieneko balioa 65 milioi euro ingurukoa da.
RATP (Régie Autonome des Transports Parisiens) da Pariseko metroko sarea, Frantziako hiriburuko eta metropoli eremuko hiriko eta hiriarteko garraioak zein eskualdeko lineen zati bat (RER) kudeatzen dituen enpresa publikoa. Zehazki, unitate horiek RATPren eskualdeko trenen sareko azpiegituraren mantentze-lana egiten duten trenak atoian eramateko erabiliko dituzte.
Tren-makina horien fabrikazioa CAFek Frantzian, Bagnères de Bigorre udalerrian, duen lantegian 2018. urtearen erdialdetik aurrera egingo dutela aurrez ikusi dute. Lehen unitatearen entrega 2019ko lehen hiruhilekoan egingo dute.
Lokotraktore horiek, 1000 kW-ko potentzia dutenak, nikel-kadmiozko bateriekin ekipatuta daude eta, horiei esker, mantentze-jarduera erabat modu autonomoan garatu ahal izango dute. Horixe izango da teknologia hori mota horretako unitateetan ezartzen duten lehen aldia mundu mailan. Era berean, nabarmendu beharrekoa da ohiko diesel-motorrak ordezkatzeak ingurumen arloko hobekuntza handiak ekarriko dituela. Izan ere, igorpen kutsatzaileak desagertu egingo dira eta funtzionatzeko garaian egiten duten zarata nabarmen gutxituko da.
Garapen horren bidez, CAFek tren-makinen merkatuan produktu berritzaileak egiteko apustu irmoarekin aurrera jarraituko du. Estatuko merkatuan dagoeneko Bitrac tren-makinak eta abiadura handiko tren-makina diesel-elektrikoak ditu Saudi Arabian funtzionatzen.
Kontratu hori enpresak negozio-bide berriak bilatzearen alde egin duen apustuaren baitan sartu behar dugu. Horren helburua tren-azpiegituren merkatuan duen presentzia areagotzea da honako esparru hauei dagokienez: diseinua, integrazioa eta instalazioa, operazioa eta mantentze-lanak. Era berean, CAFek Frantzian duen presentzia sendotuko du. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da azken urteotan proiektu kopuru handia garatu duela bertan eta, horien artean, honako hauek aipa ditzakegu: Nantes, Besançon eta St. Etienne hirietarako tranbien hornikuntza eta Lyoneko metroko trenen flota birgaitzea.