Torreviejako Udaleko kontratazio-mahaiak Solarisi esleitu dio garraio-zerbitzu berrira bideratutako zero isurpeneko eta isurpen baxuko 32 autobusen erosketa. Ibilgailuen flota berria 2023an zehar entregatzea aurrez ikusi dute eta % 100ean elektrikoak izango diren sei unitatek eta propultsio hibridoko 26 unitatek osatuko dute.
Bestalde, aipatu beharrekoa da Solarisek Espainiako beste hiru hiritan autobusak entregatzeko lanak burutu dituela azken asteotan. Hala, hainbat teknologiadun ibilgailumodeloak hornitu ditu: ibilgailu hibridoak, elektrikoak eta gas natural konprimatukoak.
Alacanteko Elx hiriak duela gutxi aurkeztu ditu erositako Solaris Urbino modeloko 17 autobus hibridoak. Ondorioz, hemendik aurrera, bere hiriko autobus-flotaren erdia izango da hibridoa eta hori urrats garrantzitsua izan da garraio publiko jasangarriagoa lortzeko bidean abian jarri dituen planetan. Era berean, aipatu beharrekoa da laster % 100 elektrikoak diren beste 8 Solaris autobus gehituko zaizkiela ibilgailu horiei, Elxera 2023ko bigarren hiruhilekoan iritsiko baitira.
Horrez gain, EMT Burgos enpresak Urbino GNC motako bost autobusen aldeko apustua egin du. Haietako hiru 12 metroko unitateak dira, eta beste biak, aldiz, 18 metroko autobús artikuluak. 2020an Solarisek entregatu zituen antzeko beste bost ibilgailuei gehituko zaizkie.
Amaitzeko, Kataluniako Martorell udalerriak ere bat egin du deskarbonizazioaren aldeko apustua egiten ari diren hiriekin eta Solaris Urbino 8.9 LE modelo elektrikoko bi autobus jaso ditu. Ibilgailu horrek entxufe bidezko konektore bidez potentzia baxuan kargatzeko eta karga bizkorreko aukerarako egokitutako bateriak ditu.
Unitate berri horiekin, gaur egun, CAF Taldearen 500 autobus baino gehiago daude Espainiako hiri ugaritan zirkulazioan. Hala, nabarmendu beharrekoa da haietako lautik hiru baino gehiago direla zero isurpeneko edo isurpen baxuko autobusak. Gainera, hurrengo hilabeteotan kopuru horrek igotzen jarraituko du aurten bertan honako hiri hauekin (besteak beste) sinatutako kontratu esanguratsuei esker: Madril, Bartzelona, Fuenlabrada edo Palma Mallorcakoa. Hala, elektromugikortasunean Solarisek duen paregabeko posizionamendua baieztatu da (Europan 1. postuan dago). Horrekin lotuta, gainera, gogorarazi beharrekoa da zero isurpeneko eta isurpen baxuko soluzioen gama osoena duela Solarisek.