Eduki nagusira joan

Solarisek hidrogenozko autobusen hiru kontratu lortu ditu Alemanian, Txekiar Errepublikan eta Frantzian

Solarisek bere lidergoa indartzen jarraitzen du hidrogenoaren teknologiarekiko gero eta interes handiagoa duen Europako autobus-merkatuan, eta kontratu berriekin sendotu du Europan hidrogeno-autobusen fabrikatzaile handiena gisa duen posizioa. Izan ere, 2023ko ekitaldian merkatu-kuotaren % 44,5era arteko kaptazioa izan zuen. Abuztuan iragarritako hiru akordio dira, Alemania, Txekiar Errepublika eta Frantziako hirietarako. Guztira, 30 milioi eurotik gora esleitu dira.

Alemaniako Kerpen hiriak konfiantza du Solarisen hidrogenozko autobusetan 

Solarisek hidrogenozko autobusak hornitzen jarraitzen du Alemaniako merkatuan. Oraingoan, REVG Kerpen operadoreak aukeratu du CAF Taldea Solaris Urbino 12 hidrogenozko 26 autobus hornitzeko. 70 kW-ko hidrogenozko erregai-pilak dituzten ibilgailuak izango dira, eta, horiez gain, Solaris High Power bateriak ere izango dituzte, eragiketa-eskari handieneko uneetan unitateen funtzionamendua babesteko.

Nabarmentzekoa da Alemaniako merkatua hidrogeno-teknologiaren aldeko apustu garbia egiten ari dela. Horren erakusgarri da teknologia hori duten Solarisen autobusak Kolonian, Wuppertalen, Weimarren, Frankfurten, Gross-Zimmernen, Aschaffenburgen eta Municheko metropoli-eremuan erabiltzen direla. Horri beste hiri batzuk gehituko zaizkio datozen hilabeteetan, martxan dauden kontratu berriekin, hala nola Güstrow, Gross-Gerau, Hanburgo, Gummersbach edo Duisburg, laster unitate berriak jasoko baitituzte horietan.

Txekiar Errepublikarako eta Frantziarako kontratuak ere lortu ditu Solarisek

Alde batetik, Martin Uher Bus Txekiar Errepublikako garraio pribatuko enpresak bere lehen hidrogeno-autobusak jasoko ditu; zehazki, Urbino 12 hidrogenozko hamar ibilgailu izango dira, Erdialdeko Bohemiako eskualdean zirkulatuko dutenak, Praga inguruan, eta 2025erako entregatzea aurreikusita dago.

Solaris hidrogenozko autobusen lehen proiektua da eskualde horretan, eta % 100 berdea den elektrizitatetik sortutako hidrogenoarekin elikatuko dira ibilgailuak, gertu dagoen Vrané nad Vltavou zentral hidroelektrikotik. Unitate horiek beren eraginkortasuna frogatu beharko dute lur zail eta malkartsu batean, Míšek pod Brdy herriaren inguruetan, Praga-Mendebaldeko barrutian.

Bestalde, Solarisek bere xede-merkatuetako batean, Frantzian, hazten jarraitzen du, kasu honetan Belfort hirirako proiektu batekin, non hidrogenozko zortzi autobus artikulatu entregatuko dituen. Ibilgailuak SMTC (Le Syndicat Mixte des Transports en Commun du Territoire de Belfort) erakunde publikoak erosiko ditu. Erakunde horrek zonako garraiooperadoreak biltzen ditu, eta azken operadorea Belforteko Regulie des Transports du Territoire (RTTB) da, eskualde horretako mugikortasuna kudeatzen duen erakundea.

Solaris hidrogenozko autobusen azken hilabeteetako hirugarren eskaera da Frantzian, Artois Mobilités eta Île-de-France Mobilités enpresentzat egindako kontratuen ondoren, eta horrek agerian uzten du enpresak Frantziako autobusen merkatuan egindako apustua. Gogoratu behar da CAF Taldeak hazkunde handia izan duela azken urteotan herrialde horretako trenmerkatuan, SNCF, RATP eta Ille-de-France Mobilitiés bezalako operadoreentzako kontratu handien esleipenak lortu baititu. Horren ondorioz, bigarren postua lortu du merkatu-kuotari dagokionez, eta Taldeak Frantziako garraio publikoaren garapenean erreferentziazko enpresa gisa duen posizioa indartu du.