Orain bi urte, CAF Taldeak, autobusen negozio baitan, 2026rako Plan Estrategikoko helburu nagusien artean, Ipar Amerikako merkatuan sartzea ezarri zuen, zero isuriko hiri-autobusen balio-proposamen esklusiboarekin. Hain zuzen ere, lehen kontratu hau esleitu izana garrantzi handiko mugarria izan da eta Solarisek Ipar Amerikan bere ibilbideari ekin dio autobus jasangarrien hornitzaile gisa.
Estatu Batuetako merkatuan lortutako lehen kontratu honek King County Metrorentzako 4 autobus elektriko biltzen ditu. Seattleko (-Washington estatua-) garraio publikoko agintaritza nagusia da, 1.500 autobus baino gehiagoko flota dauka eta bertako sistema urtean 78 milioi pertsonek baino gehiagok erabiltzen dute. Zehatzago esanda, akordioak 40 oineko (12 m) bi autobus elektrikoren eta 60 oineko (18 m) beste bi autobus elektriko artikulaturen entrega jasotzen du. Gainera, hornikuntza beste 12 unitatetan handitzeko aukera ere jasotzen du akordioak. Ibilgailuak 2026ko bigarren erdian zehar entregatzea aurrez ikusi dute.
Autobusak Ipar Amerikako merkaturako modu espezifikoan diseinatutako plataforma elektrikoan oinarrituta egongo dira. Hain zuzen ere, plataforma horrek Estatu Batuetako araudi guztiak betetzen ditu, honako hauek barne: FMVSS (Federal Motor Vehicle Safety Standards) eta ADA (Americans With Disabilities Act). Plataforma horrek Solarisek Europako merkatuan pilatutako 15 urteko esperientzian bateriadun autobusen arloan garatutako teknologiarik modernoena du. Hala, propultsio elektrikoko sistema aurreratuak, Solarisek patentatutako bateriak integratzeko teknologia eta punta-puntako konektibitate-funtzioak biltzen ditu.
Orain arte, Solarisek zero isuriko 5.000 ibilgailu baino gehiago entregatu ditu eta, horien artean daude hauek: bateriadun autobus elektrikoak, hidrogeno bidezko autobusak eta trolebusak. Ibilgailu horiek Europa kontinenteko 30 herrialde ingurutan daude funtzionamenduan. Horrekin lotuta, azpimarratu beharrekoa da Solarisek merkatuko produktuen gama zabalena duela, luzera eta propultsio-teknologia guztietako modeloekin (eta arretagune nagusia zero isuriko edo isuri baxuko ibilgailuetan jarrita). Hain zuzen ere, ez dugu ahaztu behar 2017an Solaris Urbino 12 modelo elektrikoak Urteko Autobusaren saria jaso zuela eta, orain gutxi, hidrogeno bidezko Urbino 18 ibilgailuak 2025. urteko Europako Autobusaren saria jaso duela. Horrek guztiak agerian uzten du Solaris marka, duela hainbat urtetik, Europa mailan oso aitortua eta baloratua dela bere ibilgailuen kalitatea eta errendimendu bikaina direla eta.
Hitz gutxitan esanda, Amerika kontinentean lortu duen lehen kontratu honi esker, bere esperientzia eta teknologia Estatu Batuetako garraio-agintaritzetara eramateko helburuan aurrerapauso sendoa eman du Solarisek. Hala, herrialdeak zero isuriko garraiorantz egin nahi duen trantsizioa bultzatuko du (izan ere, herrialde hartan indarrean dagoen legeriak eta funts federalak hori sustatzen ari dira) eta horrek, Europan gertatzen ari den moduan, hiriko mugikortasun jasangarrirako bidean pixkanakako bilakaera izango duela aurrez ikusten du.
Gaur egun, Ipar Amerikako merkatua egonkorra da urtean 7.000 hiriko autobus ingururekin eta zero isuriko autobusen sarrera txikia da. Hala ere, 2030era arte bi digituko hazkunde aurreikuspenak daude eta, gaur egun, Solaris hainbat aukera lantzen ari da bertan (eta epe laburrean horiek errealitate bihurtzeko aukerak daude).
Seattlen lortutako kontratuaz gain, Europako zorroa maximo historikotan kokatu da
Solarisen dibertsifikazio geografikoak Europan gaur egun duen negozioa osatuko du. Izan ere, Europa mailan liderra da teknologiari eta merkatuari dagokienez, eta hori guztia gero eta handiagoa eta jarraitua den arrakasta komertzialera bideratzen da. Horren guztiaren erakusgarri da gaur egungo eskarien zorroa, maximo historikotan dagoena. Hala, hazkundearen egungo ibilbideak eta errentagarritasunaren progresioak indarrean dagoen Plan Estrategikoan jasotakoaren arabera aurrera egingo duela aurrez ikus daiteke, entregen bolumen handiari eta zero isuriko autobusen nagusitasun handiari esker.
Datorren urtera begira, 2024ko ekitaldiari jarraipena emango zaiola eta urteko negozio bolumena bi digitu inguruko igoerarekin itxiko dela aurrez ikus daiteke. Izan ere, laugarren hiruhilekoa oso positiboa izan da autobusen entrega kopuruari dagokionez eta atzera geratu da gorabehera jakin batzuen (araudi mailako aldaketak edo Europako erdialdean irailean gertatu ziren uholdeak) ondorioak jasan zituen hirugarren hiruhileko hura.