Eduki nagusira joan

Solarisek beste bi kontratu sinatu ditu Alemanian eta Italian

CAF Taldeak autobusak hornitzeko beste bi kontratu itxi ditu Aschaffenburg (Alemania) eta Sardiniarako (Italia). Kontratuek hidrogeno bidezko ibilgailuen eta ibilgailu hibridoen hornikuntza (hurrenez hurren) biltzen dute eta bien zenbatekoa 40 milioi euro baino gehiagokoa da.

Hidrogeno bidezko autobus artikulatuen lehen eskaria

Alemaniako Stadtwerke Aschaffenburg Verkehrs GmbH operadoreak Solaris aukeratu du hidrogeno bidezko 12 autobus hornitzeko. Zehatzago esanda, 12 metroko 10 unitate eta 18 metroko 2 unitate izango dira eta 2024tik aurrera jarriko dituzte funtzionamenduan Alemaniako Aschaffenburg hirian (Bavaria iparraldean). Nabarmendu beharrekoa da horixe izan dela 18 metroko hidrogeno bidezko autobus artikulatuen lehen eskaria Solarisentzat.

Modelo hori iazko udazkenean merkaturatu zuen enpresak. Hidrogeno bidezko autobusak CAF Taldearen zero isurpeneko mugikortasun-eskaintzan funtsezkoak dira eta garraio-sistema publiko jasangarriagoa lortu nahi duen hiri ugaritarako proposamen erakargarri bihurtu dira. Orain arte, Solarisek sinatutako era horretako unitateen kontratuek 200 ibilgailu baino gehiago bildu dituzte eta Italiarako, Poloniarako edo Herbehereetarako izan dira besteak beste. Hala, 2022an, segmentu horretan Europako lehen postuan kokatu da.

Solarisek 100 autobus hibrido hornituko ditu Sardiniarako

Bestalde, Solarisek Urbino 12 motako 100 autobus hibrido entregatzeko akordioa sinatu du Sardiniako (Italia) hiriburuarekin, Cagliari hiriarekin. Kontratu hori 2021ean Consip sozietate anonimoarekin (Italiako Ekonomia eta Finantza Ministerioa -MEF- da jabea) sinatutako esparru-markoaren baitan sartuta dago eta, horren arabera, garraio publikoko tokiko enpresek ibilgailuak zuzenean hornitzea edo aipatutako akordioan hautatutako

hornitzaileekin mugatutako lizitazioa egitea adostu zezaketen. Oraingoan, Sardiniako garraio publikoko enpresa nagusiak, ARST S.p.A.k, 100 autobus hibridoko eskaria formalizatu du Solarisekin. 2024an zehar entregatuko dituzte autobusak.

Aukeratutako modeloa, Urbino 12 hibridoa, bidaiariaren erosotasunerako soluzio aurreratuenekin ekipatuta egongo da eta belaunaldi berriko propultsio-sistema hibridoa izango du (250 kW-ko trakzio elektrikoko motor batek eta 150 kW-ko Euro 6 barneerrekuntzako motor batek osatutakoa). Horri esker, kontsumoan aurrezki handia lortuko dute eta atmosferara igorritako isurpen kutsakorrak gutxituko dira.

Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da Italiako errepideetan Solaris etxeko 1.500 ibilgailu baino gehiago daudela gaur egun. Haietako ia heren bat dira zero isurpeneko unitate elektrikoak. Datu horiek guztiek baieztatzen dute Solaris dela zero isurpeneko eta isurpen baxuko autobusen salmentan eta produkzioan Europako liderretako bat. Gainera, Italia bihurtu da mugikortasun berdera iristeko transformazioan funtsezko merkatuetako bat.