Eduki nagusira joan

Solarisek autobus elektrikoak hornitzeko bi kontratu sinatu ditu Berlinen eta Madrilen

2023ko ekitaldi bikaina amaitzeko, Europako hiriburu garrantzitsuenetako bitan, Berlinen eta Madrilen, unitate elektrikoak hornitzeko kontratuak esleitu dizkiote Solarisi. Bi kasuetan, modelo ezberdinetako 50 autobus elektriko entregatzeko akordioak izango dira eta enpresak Europako merkatuan duen lidergo-posizioa sendotuko dute kontratuek. Kontratuen bolumen osoa 70 milioi euro baino gehiagokoa da. Berlinerako adostutako hitzarmenaren kasuan, garrantzi berezia izango du; izan ere, esparrukontratua da eta unitate kopurua 700 autobuseraino irits daiteke.

Solarisek kontratu esanguratsua lortu du BVG Berlinekin

Berliner Verkehrsbetriebe-k (BVG), Berlineko garraio publikoko enpresak, azken belaunaldiko Solaris Urbino 18 autobus elektrikoen 50 ibilgailu erosteko lehen eskaria egin du. Ibilgailuak 2024 eta 2025 artean entregatzea aurrez ikusi dute. Kontratuak eskariko unitate kopurua handitzeko aukera jasotzen du eta beste 650 autobusekin handi daiteke (hurrengo zortzi urteotan).

Urbino 18 autobus elektrikoak 240 kW-ko motor asinkronoarekin ekipatuta egongo dira, belaunaldi berriko Solaris High Energy baterietako energiarekin elikatuta. Bateria horiek energia-dentsitate handia dute eta, horri esker, pisu txikia mantenduta, tarte operatibo handia dute. Korronte-hargune klasikoaren edo pantografoaren bidez birkargatu ahal izango dira. Autobusak, gainera, eSConnect sistemarekin ekipatuta egongo dira eta, horri esker, ibilgailuaren zerbitzua optimizatu eta eraginkortasun operatiboa handitu ahal izango da.

BVGrekin sinatutako kontratuak prestigio handia du eta, horri esker, Solarisek Erdialdeko Europan eta, zehatzago esanda, Alemanian (zalantzarik gabe, merkatu esanguratsua da gainera) duen presentzia sendotu ahal izango du. Gaur egun, Berlinek bateria bidezko Solaris Urbino modeloko 140 autobus elektriko ditu, ibilgailu horietarako ohikoenak diren bi luzeretakoak (12 eta 18 metro).

Guztira, Solarisen 2.300 autobus elektriko inguru daude Europako hiri garrantzitsuenetako askotako kaleetan zirkulazioan. Eta hurrengo hilabeteotan, fabrikatzaileak gaur egun duen eskari-zorroko 700 autobus baino gehiago batuko zaizkie. Ibilgailu horiek 2024-2025 artean entregatzea aurrez ikusita dago.

Solarisek 50 autobus elektriko hornituko dizkio Madrili

EMT enpresak (Madrilgo Garraioen Udal Enpresa) Solaris aukeratu du 50 autobus elektriko hornitzeko eta, hala, ibilgailu isilak eta isuririk gabeak erosita mugikortasun jasangarriaren alde egindako apustuarekin aurrera jarraitu du. Unitate berriak Urbino plataformako bi bertsiotakoak dira: alde batetik, 12 metroko 30 autobus elektriko izango dira eta, bestetik, 9 metroko modeloko 20 autobus (horixe da Solarisen gamako ibilgailu motzena eta duela gutxi hainbat sari eskuratu ditu haren izaera berritzailea dela eta). Madrilgo hiribururako kontratuak unitateak 2024an zehar entregatzeko egutegia jasotzen du.

Horiexek izango dira Madrilgo kaleetan ibiliko diren plataforma baxuko Urbino 9 LE lehen autobusak. Aldiz, Urbino 12 modeloa duela hainbat urtetik ezagutzen du EMTk. Bi modeloetan, gidariaren kabina Madrilgo operadoreak ezarritako eskakizun eta estandar gorenekin diseinatu da lanerako espazio segurua eta ergonomikoa izateko. Gainera, modu osagarrian kontratatuako eSConnect zerbitzuak diagnostikoaren eta zerbitzuaren gaitasunak hobetuko ditu eta, hala, linea ugarietarako ibilbideen inguruko plangintza zehatza egin ahal izango du.

Modu osagarrian, eta ingurumeneko jasangarritasuneko estrategiari lotuta, Madril hiria Madrid 360 izeneko helburu handiko proiektua bideratzen ari da. Horren asmoa da hiriburuko isurpen kutsakorrak gutxitzea eta hiri jasangarri bihurtzea. Proiektu horri lotuta, EMT Madrid operadoreak autobus jasangarriek bakarrik osatzen duten flota izateko helburua finkatu du. Hala, 2022ko abenduan, konpainiak iragarri zuen erreketa-motor tradizionala zuen azken ibilgailua zerbitzutik kendu zuela.

Madrilgo Garraioen Udal Enpresa da Espainiako garraio publikoko operadore nagusia eta Europa mailan enpresa nagusietako bat. Izan ere, 2022an, 370 milioi bidaiari baino gehiago garraiatu zituen enpresak eta Solarisek EMTren helburu jasangarri horiek betetzen laguntzeko aukera izan du azken urteotan. Izan ere, Solarisek gas natural bidezko 250 autobus eta 60 autobus elektriko entregatu ditu hiriburuan (guztiak daude funtzionamenduan) eta horrek agerian utzi du Madrilgo operadoreak Solarisengan jarritako konfiantza.

Azken urteotan, Solarisek etengabeko hazkundea izan du eta Europa mailan hiriko autobus elektrikoen fabrikatzaile nagusia izan da (azken hamar urteotan, % 14ko merkatu-kuota lortu du). Gainera, bereziki azpimarratu beharrekoa da enpresak Espainiako merkatuan azken urteotan izan duen ibilbidea; hain zuzen ere, iaz liderra izan zen eta merkatu-kuotan igoera handia izan eta % 25era iritsi zen.