AMT Génova (Azienda Mobilità e Trasporti SpA) garraio-operadoreak orain arteko eskaririk handiena egin dio Solarisi. 18 metroko luzera duten 112 trolebus hornitu beharko dizkio Solarisek, guztira. Kontratuaren balioa 100 milioi eurotik gorakoa da.
Nabarmentzekoa da orain arte Solarisi egindako trolebus artikulatuen eskaririk handiena dela. Kasu honetan, propultsio elektriko tradizionalaz gain, ibilgailuek bateriak izango dituzte. Horri esker, autonomia handiagoa izango dute eta distantzia luzeak egin ahal izango dituzte, sarera konektatu beharrik gabe. Unitatea martxan dagoen bitartean kargatuko da baterietako energia. Katenariatik elikatuko dira, In-Motion-Charging (IMC) teknologiari esker.
Solarisek esperientzia zabala du ibilgailu mota horien garapenean eta fabrikazioan. Dagoeneko, 2.000 trolebus baino gehiago egin dituzte. Hain zuzen ere, hori izan da AMT Génova operadoreak aintzat hartu duen alderdi nagusietako bat.
Gaur egun, Genova hirian hainbat proiektu gauzatzen ari dira garraio publikoaren azpiegitura eta zerbitzuak hobetzeko. Azken kontratu honek berresten du hori, baita Italia iparraldeko hiri historiko hau trolebusen linea berri bat eraikitzeko egiten ari den inbertsioak ere. Italiako operadorearen plan anbiziotsu baten parte dira egitasmo horiek. Izan ere, 2025erako erabat ibilgailu elektrikoz osatutako flota izatea da operadorearen helburua.
Solarisen eta AMT Génovaren arteko elkarlana 2013an hasi zen. Elkarlan horren adibiderik berriena 30 autobus elektrikoren azken eskaria da. 2022an entregatu ziren horiek, eta gaur egun martxan daude.
Solarisek hidrogeno bidezko autobusen kontratu berri bat lortu du Düsseldorfen, Alemanian
Bestetik, Solarisek hidrogeno bidezko 10 autobus entregatuko dizkio Europako beste metropoli bati. Kasu honetan, Alemaniako Rheinbahn Düsseldorf konpainiak enkargatu ditu ibilgailuak, eta 2025erako aurreikusten da horiek entregatzea.
Solaris Urbino 12 modelokoak izango dira, eta ibilgailu mota horien azken aurrerapen teknologikoak izango dituzte. Hala, GSR2 baldintzak betetzen dituzten sistemen sorta zabala izango dute, bidaiariei eta gidariei segurtasun maila altua eskaintzeko. Horrez gain, garrantzitsua da nabarmentzea ibilgailuek hidrogeno berdearekin funtzionatuko dutela, hau da, elektrizitate berriztagarriarekin bakarrik ekoitzitako hidrogenoarekin.
Hidrogeno bidez propultsatutako Solaris autobusek arrakasta handia izan dute Alemaniako merkatuan, eta horren erakusle da egungo eskarien zorro handia. Azken hilabeteetan kontratu ugari sinatu dira herrialdeko hainbat hirirekin, hala nola Hanburgorekin, Frankfurtekin, Koloniarekin, Duisburgekin eta Gross Geraurekin, beste batzuen artean.