Kanadako Vancouver hiriko garraio-operadoreak, TransLinkek, Solarisi esleitu dio 107 trolleybus hornitzeko kontratua, 120 milioi euro ingurukoa, eta unitate kopurua handitzeko aukera ere jasotzen du.

Iazko urtearen amaieran iragarri zuen Solarisek Estatu Batuetan lehen kontratua lortu zuela, zehatzago esanda, Seattleko King County Metro operadorearentzat autobus elektrikoak hornitzeko kontratua. Kontratu hari esker, CAF Taldeak autobusen negozioarekin lotutako CAF Taldeko 2026rako Plan Estrategikoko helburuetako bat lortu zuen; hau da, Ipar Amerikako merkatuan sartzea, zero isuriko hiri-autobusen balio-proposamen esklusiboarekin.
Kontratu berriak, oraingoan Kanadako Vancouver hirirako, mugarri hori indartu du. TransLinkekin adostutako hitzarmenari esker, oinarrizko eskari gisa, 12 metroko 107 trolleybus entregatuko dizkio eta irismen hori 12 metroko beste 201 unitatetan, eta 18 unitateko beste 204 unitate artikulatutan handitzeko aukera ere jasotzen du kontratuak. Aukera horiek guztiak egia bihurtuko balira, proiektu hau litzateke konpainiak orain arte garatutako bolumen handienetako bat. Akordioak jasotzen dituen xehetasunen arabera, lehen entregak 2026ko erdialdean egingo dituzte, eta entregek 2027an aurrera jarraituko lukete.
TransLink da Columbia Britainiarreko (Kanada) Vancouverreko metropoli eremuko eskualdeko garraio-sareaz arduratzen den enpresa eta hainbat garraiobide bateratzen ditu: autobus eta trolleybusen zerbitzua, zirkulazio bizkorreko sistema (SkyTrain izenekoa), West Coast Express aldiriko trenbide-linea edo SeaBus ferry-zerbitzua, besteak beste.

Gaur egun, Ipar Amerikako merkatuan, zero isuriko unitateek nahiko sarrera txikia dute, baina era horretako ibilgailuen hazkundearekin lotutako aurreikuspenak altuak dira. Hala, 2030era arte, bi digituko gorakadak aurrez ikusi dira. Testuinguru horren baitan, Solarisek autobus eta trolleybusekin lotuta irekita dauden hainbat lizitazio eta aukeraren inguruan lanean jarraitzen du. Horiek guztiak hurrengo hilabeteotan gauzatzea espero da.
Solarisen hedapen geografikoan egindako urrats berri horrek Europan gaur egun duen negozioa osatuko du. Izan ere, dagoeneko zero isuriko 5.500 ibilgailu baino gehiago entregatu ditu (autobus elektrikoak, hidrogenozko autobusak eta trolleybusak), eta liderra da. Horren erakusgarri da gaur egungo eskaera-zorroaren maila, 1.600 ibilgailu baino gehiago baitaude 2024aren itxieran. Horietatik % 92 zero isurikoak edo isuri baxukoak dira, eta horrek iragartzen du hazkundearen eta errentagarritasunaren progresioaren joerak aurrera jarraituko duela, aurrez ikusitako entrega-bolumen handiari eta zero isuriko autobusak nagusi diren zorro horretako produktuen mix-ari esker.