Eduki nagusira joan

Solarisek 88 autobus elektriko gehiago hornituko ditu Suedian

Suediako garraio-operadore garrantzitsuenetako batek, Nobinak, CAF Taldeari esleitu dio Solarisen 88 autobus elektriko hornitzeko lana. Oraingoan, operadoreak Urbino 15 LE modeloko 55 unitate erostea erabaki du Escania eskualderako, antzeko beste 15 unitate Värmland eskualderako eta, azkenik, Urbino 18 modelo artikulatuko 18 unitate Suediako Malmö udalerrian zerbitzua eman dezaten. Unitateak 2024 eta 2025 urteen artean entregatuko dira. Akordioaren bolumena 50 milioi euro baino gehiagokoa da.

Solarisek Suediatik denbora-tarte txikian jaso duen beste eskari bat da. Izan ere, iaz hainbat kontratu lortu zituen eta, horien artean, hauek nabarmendu behar dira: Urbino 15 LE motako 55 autobus elektriko operadore berarentzat Stockholmen zerbitzua eman dezaten, eta 23 autobus elektriko Kristianstad hirirako. Horrek guztiak indartu egin du herrialde hartako hirigarraiorako ingurumena errespetatzen duten soluzioak emateko funtsezko eragile gisa Solarisek betetzen duen posizioa.

Escania eta Värmland eskualdeetara bideratuko diren ibilgailuak Solaris Urbino 15 LE modelokoak izango dira. Hiru ardatzeko ibilgailua da, hiriko zein hiriarteko zerbitzua emateko egokia. Eskandinaviako paketea izenekoarekin ekipatuta egongo da. Horrek Suediako klimaegoera zailetarako egokitzen du, gauean sistema entxufagarriaren bidez kargatuta, egun osoan funtzionatu ahal izatea ahalbidetzen dio. Solaris Urbino 18 unitateei dagokienez, propultsio modularra duen eta baterietan punta-puntako teknologiarekin ekipatuta dagoen modelo artikularra da. Malmön, herrialdeko hiri garrantzitsuenetako batean, eskainiko du zerbitzua.

Gaur egun, Solaris Europa mailan liderra da mugikortasun elektrikoan eta, entregatutako zero isuriko autobusen guztizko kopuruari dagokionez, lehen postuan dago 2012tik. Horrekin lotuta, ez dugu ahaztu behar Europako garraioaren elektrifikazioa etengabe ari dela aurreratzen.

Solarisek hidrogeno bidezko autobusen kontratu berri bat eskuratu du Alemanian

Bestalde, aipatzekoa da hidrogeno bidezko autobusen beste eskaera bat esleitu diotela Solarisi. Oraingoan, Alemaniako Oberbergische Verkehrgesellschaft (OVAG) operadoreari 12 metroko 15 unitate hornituko dizkio. Eskari horrek Alemaniako Gummersbach hiriko (herrialdearen ekialdean dago, Ipar Renania-Wesftalia estatuan) autobusen flota sendotuko du.

Solarisek sendotu egin du hidrogenozko teknologiarekin propultsatutako ibilgailuen Europako merkatuan duen nagusitasuna. Gaur egun, matrikulatzen diren hidrogenozko hiriko bi autobusetik ia bat da Solarisek fabrikatutakoa. Horren adibide argiak dira era horretako ibilgailuak hornitzeko orain gutxi Alemanian irabazitako kontratuak, hiri hauetara bideratuko direnak: Frankfurt, Essen, Kolonia edo Gross-Gerau.