Beste behin, Europako garraio arloko operadore garrantzitsuek Solarisen jarri dute konfiantza hiriko garraio publiko jasangarrirako haien bidean laguntza emateko. Alemaniako Duisburg eta Danimarkako Aarhus hiriek hurrengo hilabeteotan zero isurpeneko 81 autobus jasoko dituzte Solarisekin adostutako kontratu bana dela eta. Bien bolumena 50 milioi euro ingurukoa da.
Solaris da Europan garraio publikorako ibilgailu jasangarriak hornitzen liderra. Hona hemen hori agerian uzten duen datu bat: aurtengo urtearen amaieran, aurreikuspenen arabera, zero isurpeneko 3.000 Solaris ibilgailu inguru egongo dira zerbitzua ematen Europako 100 hiri baino gehiagotan. Horrek agerian uzten du mugikortasun berdeagorako eraldaketa bultzatzeko CAFek egindako apustua.
Alemaniako Duisburg hiriak Solarisen hidrogeno bidezko autobusen aldeko apustua egin du
Duisburg hiriak Solaris aukeratu du hidrogeno bidezko 25 Urbino autobus hornitzeko. Haietako 11 ibilgailu 12 metroko bertsiokoak izango dira, eta 14 ibilgailu 18 metroko ibilgailu artikulatuetakoak, eta honako hauek izango dira horiek entregatzeko epeak: 12 metroko ibilgailuak 2024an entregatuko dituzte, eta autobus artikulatuak, aldiz, 2025ean. Autobus horiek izango dira Alemaniako hiri horretan hidrogeno bidezko lehenengoak.
Aukeratutako modeloak ibilgailu isilak eta isurpenik gabeak izango dira; izan ere, hidrogeno bidezko erregai-pilako energiak propultsatuko ditu. Gidatze-lana errazteko, laguntza-sistema (ADAS) osoa izango dute ibilgailuek. Sistema horrek puntu itsuak deitzen zaienetan oinezkoak eta txirrindulariak detektatzeko aukera jasotzen du eta, hala, autobus-gidariari seinale soinudunen eta bisualen bidez alertak igortzen dizkio. Gainera, operadoreak flotak urrunetik kudeatzeko Solarisen sistema, eSConnect izenekoa, gehitzeko eskatu du. Horren bidez, ibilgailuaren datuetara denbora errealean sar daiteke eta horrek flota kudeatzea errazten du.
Solarisek ia hamarkada bat darama teknologia hori garatzen eta gaur egun hidrogeno bidezko autobusen Europako fabrikatzaile handiena da. Iazko merkatu-kuota % 60koa izan zen. Enpresak hidrogeno bidezko 120 ibilgailu baino gehiago entregatu ditu Europako 15 herrialdetan eta arrakasta hori 18 metroko modelo artikulatu berri honekin ere sendotzea espero du. 18 metroko ibilgailua orain hilabete gutxi gehitu dute produktuen portfoliora eta Duisburgek ez ezik, Europako beste herrialde batzuek ere egin dute horren aldeko apustua.
Solarisen 56 autobus elektriko Danimarkarako
Bestalde, Solarisek autobus elektriko artikulatuak hornituko dizkio AarBus enpresari, Danimarkako Aarhus hiriko operadoreari. Hiri hori da Eskandinaviako herrialdeko bigarren handiena eta iaz gehitu zituen bere flotara Solaris etxeko lehen unitate elektrikoak.
Aarhusek 2030erako erregai fosilik gabeko garraio publikoa izateko erronka jarri dio bere buruari eta, helburu hori kontuan izanda, akordio hau adostu du. Kontratuak 18 metroko Solarisen 56 autobus elektrikoren hornidura jasotzen du. Horri esker, bere autobus-flotaren % 80 inguru elektrikoak izango dira (horrek zarata maila eta CO2 isurpenak gutxitzea dakar berekin).
Ibilgailu berriak bi lotetan entregatuko dituzte: lehen 31 unitateak 2024an iritsiko dira eta, aldiz, gainerako 25 unitateak 2025ean iritsiko dira. Ibilgailuak Solaris High Energy bateriekin ekipatuta egongo dira eta 450 kWh baino gehiagoko ahalmena izango dute. Horrek autonomia eta operatibitate handia emango dizkio flotari zerbitzuak irauten duen bitartean.
Solarisen eta AarBusen arteko lankidetza 2006an hasi zen eta, ordutik, Danimarkako operadoreari 227 autobus entregatu dizkio. Horien artean daude iaz jasotako azken 29 autobus elektrikoak.