Eduki nagusira joan

Solarisek 350 autobus baino gehiago hornituko ditu Erromarako

Solarisek beste arrakasta bat lortu du Italiako merkatuan; izan ere, ATAC S.p.A. operadoreak Erroma hirirako 354 autobus hornitzeko bi kontratu esleitu dizkio.

Bi akordioetako lehenengoak azken belaunaldiko Mild-hybrid artikulatuen modeloko 110 ibilgailuren hornidura jasotzen du eta lizitazioa Giubileo 2025 S.p.A. erosketa-taldeak egin zuen Erromako operadorearentzat. Unitate horiek aurten bertan entregatzea aurrez ikusi dute. Bigarren kontratuari dagokionez, gas natural konprimatu bidez (CNG) propultsatutako eta 12 metroko luzera duten autobusen eskaria da. Autobusak 2024 eta 2025 urteen artean entregatuko dituzte. Bigarren eskari honek, gainera, hurrengo hilabeteotan ibilgailu kopurua beste 78 unitatearekin handitzeko aukera jasotzen du.

Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da lehen aipatutako autobusak hornitzeaz gain, Solarisek hurrengo 10 urteotan ibilgailuetako mantentze-lanak ere egingo dituela. Bi kontratuen bolumen orokorra 200 milioi euro baino gehiagokoa litzateke bezeroak bertan jasotako aukerak gauzatuko balitu. Hori dela eta, enpresaren historiako eragiketa garrantzitsuenetako bat dela esan daiteke.

Autobus berriak ez dira izango Solarisek Erroman izango dituen lehenengo ibilgailuak; izan ere, 2003-2004 urteetan, Solarisek 30 trolebus entregatu zizkion bezero berari. Gainera, azken urteotan Cotral operadorearekin sinatutako hainbat kontratu direla eta, Solarisen hiriarteko 700 ibilgailu baino gehiagoko flota dago Erroma kanpoaldeko eskualdeko garraiozerbitzuetan funtzionamenduan.

Guztira, gaur-gaurkoz, Solarisek 1.800 ibilgailu baino gehiago entregatu ditu Italian eta enpresaren funtsezko merkatuetako bat bihurtu da. Horren erakusgarri da Solarisek Italian izandako 2023ko ekitaldi bikaina. Ekitaldi hartan, Italiako hainbat operadorerekin kontratu handiak lortu zituen. Horien artean, azpimarratu beharrekoak dira Bolonia eta Venezia hirietarako hidrogeno bidezko 217 autobus hornitzeko proiektuak edo 100 autobus hibrido eta 90 elektriko entregatzeko Cagliarin esleitutakoak eta Milanerako eta Cataniarako 150 autobus elektriko inguru hornitzeko urtearen amaieran iragarritakoak.

ATAC S.p.A. da Erromako metropoli eremuko garraio publikoaren sozietate emakidaduna, eta Udala da horren jabea % 100ean. Gainera, Italiako hiri-garraiorako enpresa handiena eta Europako enpresa garrantzitsuenetako bat da. Tranbia-sareaz gain, Erromako metroko hiru lineak, hiri inguruko trena eta hiriko mugikortasuna egituratzen duten trolebusaren eta autobusaren hiri-lineak ere kudeatzen ditu.

Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da iazko urtearen amaieran, CAFek kontratu handia sinatu zuela operadore berarekin hiriburuko tranbien flota berritzeko. Horri guztiari CAFek fabrikatutako eta gaur egun A eta B lineetan eta Erroma-Lidon zerbitzua ematen duten 70 metro-unitateak gehitzen badizkiogu, agerian geratzen da enpresa horrek CAFengan erabateko konfiantza duela hiriko mugikortasun jasangarriko soluzioen hornitzaile gisa.