Eduki nagusira joan

Renfek berriro ere CAFen jarri du konfiantza aldiriko 29 tren hornitzeko egindako esleipenarekin

RENFEk iragarri du bere Administrazio Kontseiluak aldiriko 29 tren hornitzeko kontratua CAFi esleitzea onartu duela. Kontratuak, gainera, parkeko piezak hornitzea jasotzen du eta 200 milioi euro inguruko bolumena du. Gainera, etorkizunera begira irismena handitzeko hainbat aukera jaso du eta horien artean daude hauek: beste 9 tren oso fabrikatzea (oinarri-kontratuko unitateak ugarituko lituzketen kotxe osagarriak).

Proiektu berri hau RENFE azken urteotan garatzen ari den inbertsio-plan garrantzitsuan sartuta dago eta horren helburu nagusia da bere tren-flotaren zati handi bat berritzea, eragingarriagoak eta jasangarriagoak diren unitateak gehitzearen aldeko apustu argia eginda. Honako hau da, gainera, modernizazio-plan horren barruan CAFi esleitutako hirugarren kontratua. Ondorioz, akordio honen ostean, enpresak operadore horrekin duen negozio-zifra 750 milioi euro baino gehiagokoa da.

CAFek fabrikatuko dituen trenak 4 kotxek osatuko dituzte haien oinarrizko osaeran eta 500 bidaiari baino gehiago garraiatzeko edukiera izango dute. Gainera, punta-puntako aurrerapenak izango dituzte teknologian eta bidaiariarentzako ibilgailu barruko erosotasun eta irisgarritasun arloetan. Besteak beste, mugikortasun murriztua duten pertsonei sarbide erraza eskaintzeko diseinatuta eta ikusizko edo entzumeneko desgaitasunen bat duten bidaiariei bidaia erosoago egiteko sistemekin ekipatuta egongo dira.

Ekitaldi honetan CAFi egindako esleipen esanguratsua da. 2022an enpresak errekorreko kontratazio-bolumena lortu du sinatutako proiektuetan 6.000 milioi euro baino gehiagorekin, ondorioz, urtearen amaieran, eskarien zorroa 13.000 milioi euro baino gehiagokoa izan da (zifra hori lehen aldiz lortu da CAFen historia luzean). Hori guztia dela eta, hasi berria duen aldi estrategikoari baikortasunez ekin dio Taldeak. Izan ere, 2026. urteari begira, asmo handiko helburuak finkatu ditu hazkundeari eta errentagarritasunari dagokienez.