Eduki nagusira joan

Polonian 70 autobus elektriko inguru hornitzeko bi kontratu sinatu ditu Solarisek

Solarisek bi kontratu sinatu ditu Poloniako MZA Varsovia eta MPK Poznań operadoreekin 50 eta 17 autobus elektriko (hurrenez hurren) hornitzeko. Bien guztizko bolumena 50 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Bi kasu horietan aukeratutako modeloa 18 metroko Urbino autobus artikulatua da. Solarisen zero isuriko ibilgailu bereizgarria eta Europako merkatuko hiri-garraio arloko operadore eta agintarien artean arrakasta handiena duen ibilgailuetako bat da.

Alde batetik, autobus elektrikoen Europako flota handienetako bat (gehienak Solarisek hornitutakoak) duen hiriak, Varsoviak, hiriko operadorearen, MZAren (Miejskie Zakłady Autobusowe), bidez zero isuriko flota hori handitzea erabaki du. Hala, Solarisi 50 autobus elektrikoko beste eskari bat egin dio. Unitateek propultsio-sistema modularra izango dute. Horren diseinuak ibilgailuaren sabaian propultsioko osagaien muntaketa jasotzen du eta, horri esker, ahalik eta gehien aprobetxa daiteke espazioa bidaiarientzat, eta guztira 100 bidaiarirentzako edukiera eskaintzen du.

Solarisen eta MZA Varsoviaren arteko lankidetza 90eko hamarkadaren amaieran hasi zen eta, ordutik, fabrikatzaileak 1.350 autobus inguru entregatu dizkio hiriko garraio-zerbitzurako. 2015ean, mugarri garrantzitsu bat gertatu zen, Varsoviarako Solarisen lehen autobus elektrikoak entregatu zituztenean. Huraxe izan zen, hain zuzen ere, garraio-eredu jasangarriagora bidean izandako eraldaketaren abiapuntua. Hain zuzen ere, gaur egun, Solaris 2023an MZA Varsoviak egindako ibilgailu elektrikoen aurreko eskaria entregatzeko lanak amaitzear dago.

Bestalde, Poloniako mendebaldean dagoen Poznań hiriak ere garraio publiko jasangarrian inbertsioa egitearen aldeko apustua egin du. MPK Poznańek eta Solaris Busek Urbino 18 modeloko 9 autobus elektriko erosteko kontratua sinatu dute eta eskaria beste 8 ibilgailurekin handitzeko aukera ere jasotzen du kontratuak.

17 autobus artikulatu horietako bakoitzak (2026ko bigarren hiruhilekoan entregatzea aurrez ikusi dute) autonomia handia eta gutxienez 110 bidaiari garraiatzeko edukiera izango du. MPK Poznańek Solaris etxeko 300 autobus baino gehiago operatzen ditu dagoeneko eta horien artean daude bateria bidez propultsatutako 58 autobus eta hidrogeno bidezko 25 ibilgailu.

Orain arte, Solarisek 3.000 autobus elektriko inguru hornitu ditu Europan. Europako hiriburu nagusietako autobus elektrikoen flota handienetako batzuk Solaris ibilgailuek osatuta daude eta, horien artean, aipatu berri dugun Varsoviaz gain, honako hauek azpimarratu behar dira: ATM Milan (275 Urbino elektriko), Unibuss Oslo (183 Urbino elektriko) edo BVG Berlin (133 Urbino elektriko).

Solaris_Urbino_18_electric_BVG.jpg

Solarisek baterien pasaportedun munduko lehen autobus elektrikoa entregatu du

Orain gutxi BVGren Berlineko flotara gehitu duten Solaris Urbino 18 autobus elektrikoa bihurtu da baterien pasaportedun munduko serieko lehen autobusa. Pasaportea baterien jatorriari eta osaerari, ingurumen-inpaktuari eta birziklapen egokirako beharrezko datuei buruzko informazio zehatza ematen duen dokumentu digitala da. Horri esker, kudeaketa arduratsua eta jasangarria sustatzen da. Baterien pasaportea duen ibilgailu hori entregatuta, Solarisek 3 urtez aurrea hartu dio EBko araudiari. Izan ere, araudi horrek, 2027tik aurrera, ibilgailu elektriko guztietan pasaporte hori gehitzeko betebeharra ezarri du.

BVG Berlinek 2023aren amaieran Solarisi kontratatutako 50 autobus elektriko artikulatuetako lehenengoa da. Guztiek izango dute baterien pasaporte hori eta entrega 2025ean zehar burutuko da.

Dokumentuaren helburua da bateriaren bizitza-ziklo osoan zehar gardentasuna handitzea (lehengaia erauzi eta erabiltzen den unetik hasi eta birziklatzen den arte). Ibilgailu elektrikoen bateriek hainbat material dituzte eta horiek modu arduratsuan kudeatzea ezinbestekoa da baliabide naturalak gordetzeko eta ingurumen-inpaktua minimizatzeko. Osaerari eta ingurumen-inpaktuari buruzko datu zehatzak eskuratzeak birziklatze eraginkorra eta material berriztagarrien erabilera egokia egiten ere laguntzen du. 

Izan ere, ez dugu ahaztu behar, mugikortasun elektrikoaren egungo  hedapenarekin, erabiltzen ari diren baterien kopurua handitzen ari dela eta, horren ondorioz, funtsezkoa dela zero isuriko garraioaren osagai estrategiko horren kudeaketa arduratsua egitea.

.