Alemaniako Nahverkehr Westfalen-Lippe (NWL) operadoreak, Ipar Renania-Westfaliako garraio-zerbitzuetako batzuk kudeatzen dituenak, berriro ere CAFen jarri du konfiantza eta iaz esleitutako kontratua handitzeko akordioa itxi duela baieztatu du. Kasu honetan, zabalkuntza horrek bateria bidez propultsatutako 10 trenen hornidura eta flota 33 urtez mantentzeko zerbitzuak biltzen ditu. Akordio berri honen bolumena 170 milioi euro ingurukoa da.
Hasierako kontratua 2021eko ekainean esleitu zuten, Alemaniako VRR (Verkehrsverbund Rhein-Ruhr) and NWL garraio arloko agintaritzek bateria bidez propultsatutako 63 tren hornitzeko eta 2025-2058 aldian flotaren mantentze-lanei lotutako zerbitzuak eskaintzeko CAF aukeratu zutenean.
NWL eta VRR enpresetako zuzendaritza bateratuak dira Alemanian biztanle gehien duen estatu federatuko, Ipar Renania-Westfaliako, tren bidezko garraioaren kudeaketaren hiru arduradunetako bi. Estatu horrek 18 milioi biztanle inguru ditu eta bertako hiriburua da Düsseldorf. NWLk 2.000 km inguruko bide-hedapena duen trenbide-sareari eskaintzen dio zerbitzua eta 58 linea daude bertan. Hain zuzen ere, besteak beste Münster eta Gütersloh hirien arteko eremuan dauden RB68 eta RB76 lineetan eskainiko dute zerbitzua CAFek hornituko dituen 10 unitate berriek.
CAFek hornituko dituen unitateek tren arloko teknologia berritzaileenetako bat izango dute; izan ere, bateria bidez propultsatutako trenak dira eta katenariadun bideetan ere zirkulatzeko gai dira. Aurrez ikusitakoaren arabera, tren berriak 2025 eta 2026. urtearen hasiera artean hasiko dira zerbitzua eskaintzen tren bidezko garraioa deskarbonizatzeko asmoz Alemaniako gobernu federalak finkatutako planen baitan.
CAF Taldeak, beste behin, garraio jasangarrirako trantsizioarekin lotutako konpromiso irmoa erakutsi du eta, helburu hauek kontuan hartuta, operadoreentzako hainbat irtenbide garatu du: operazioko eragingarritasuna hobetzea eta ingurumenarekiko begirunetsuak izatea bai trenen, bai autobusen arloetan.
Horrez gain, eskakizun handiko merkatuan, Alemaniakoan, CAF Taldeak lortutako beste arrakasta bat da eta gaur egun herrialde hartan abian dituen beste proiektu batzuei elkartuko zaie: Essen-en Ruhrbahn GmbH operadorearentzako 51 LRVren hornidura, Friburgo hirirako 8 tranbiako handitze-lana eta Bonn hirirako 22 LRV fabrikatzeko duela gutxi esleitu diote kontratua, adibidez. Eta horri guztiari, gainera, CAF Taldeak herrialde hartako autobusen merkatuan duen presentzia handia gehitu behar diogu. Izan ere, gaur egun zero isurpeneko ibilgailuak entregatzen ari da Dortmund, Kolonia, Bonn edo Hanburgo hirietarako.