Eduki nagusira joan

Mitsubishi Corporationek CAF hautatu du Myanma Railwaysekin bideratuko duen proiekturako trenak hornitzeko

Mitsubishi Corporationek CAF aukeratu du azpikontratista gisa 246 unitate diesel-elektriko moderno (DEMU) diseinatzeko eta hornitzeko Myanmar Batasuneko Errepublikako Garraio eta Komunikazioen Ministerioak Mitsubishi Corporation enpresari esleitu dion kontratuaren baitan. Kontratuak, alde batetik, sei kotxeko hamaika unitateren hornikuntza jasotzen du eta Yangoneko trenbide zirkularra hobetzeko proiektura bideratuko dira. Bestalde, beste hogeita hamar unitate hornituko ditu (haiek ere 6 kotxekoak) Yangon - Mandalay II trenbidea hobetzeko proiekturako.

CAFekin hitzartutako eragiketen bolumena 500 milioi euro baino gehiagokoa izango da eta Japoniako eta Myanmarreko gobernuen artean yenetan egindako nazioarteko mailegu baten bidez finantzatuta dago. Horren estaldurak, trenak hornitzeko zatiaz gain, bi lineetarako azpiegituraren hobekuntza integrala ere estaliko du, honako lan hauek barne: seinaleztapensistemen modernizazioa, bideetako obrak eta geltokien hobekuntza.

Unitate berri horietako 11k funtzionatuko duten lehen lineak (linea zirkularra izenekoa) Yagoneko, Myanmarreko hiri komertzial handieneko, erdigunea zeharkatzen du 46 km-ko ibilbidean. Proiektu honi esker, linea hori zeharkatzeko behar den denbora 60 minutuan gutxituko dutela aurrez ikusi dute (gaur egun 170 minutu behar dira horretarako).

Bestalde, beste 30 unitateek Yangon-Mandalay linean eskainiko dute zerbitzua. Linea horrek 620 km-ko luzera du eta Yangon hiria herrialdeko hiriburuarekin, Naypyidaw-rekin, eta Mandalay-rekin (maila komertzialean, garrantziari dagokionez bigarren hiria) lotzen ditu. Toki horietan ere nabarmen gutxituko da bidaia-denbora; kasu honetan, gaur egun behar diren 15 orduetatik 8 ordura jaitsiko da proiektua amaitzen denean. Bi proiektu horiek herrialdeko azpiegitura-sarea hobetzeko asmoz Myanmarreko gobernuak abian jarritako planetan sartu behar dira. Horren guztiaren bidez, biztanleriaren bizi-kalitatea hobetu nahi du barneko garraioa modernizatzen eta herrialdeko garapen sozioekonomikoa bultzatzen lagunduta. Gainera, punta-puntako aurrerapen teknologikoak dituen eta jasangarria den garraioaren aldeko apustua egin du herrialde hark, bidaiariaren segurtasuna eta erosotasuna optimizatzeko.

Azken urteotan, CAF Taldeak lankidetza estrategiko estua sendotu du Mitsubishi Corporationekin, arrakasta handia izan duten proiektuak garatzen. Haietako batzuk gaur egun martxan daude. Zehatzago esanda, Manilako (Filipinak) LRTko 1. linearako eta Istanbuleko metrorako material gurpilduna hornitu izana eta Australiako Canberra hirian garraio-sistema eraiki izana nabarmen ditzakegu.

Kontratu berri honekin, dagoeneko presentzia bost kontinenteetan duen CAF Taldeak Asiako kontinentean duen presentzia areagotzea lortu du. Asiari dagokionez, dagoeneko proiektu hauek garatu izan ditu: metro-unitateen hornikuntza Hong Kongerako (Txina), tranbiak Taiwaneko Kaohsiung hirirako eta metro-unitateak New Delhirako, India. Herrialde horiek guztiak garraio-sistemen esparruan sistema aurreratuenekin lerrokatuta daude.