Eduki nagusira joan

CAF-ek metro unitateak egingo ditu Kolonbia eta Txilerako

INNEO plataformako metro-unitateen beste bi kontratu esleitu dizkiote CAFi. Alde batetik, Medellineko metrorako 13 unitate fabrikatuko ditu, eta, bestetik, Txileko Santiago hiriko metrorako beste 6 unitate. Kontratuen bolumen osoa 200 milioi euro baino gehiagokoa da. 

Akordio horiei esker, sendotu egin da CAFek Latinoamerikako merkatuan duen presentzia. Bertan, tren-unitateak hornitzen eta mantentzen proiektu esanguratsuak garatzen jarraitzen du, baina material gurpildunaren emakida-formularen baitan ere lanean jarraitzen du hainbat herrialdetan: Brasil, Mexiko, Argentina, Venezuela edo Ekuador, aipatu berri ditugun Kolonbiaz eta Txilez gain.

Metro Chile

Medellineko metrorako 13 unitate hornituko ditu

Medellineko metroa operatzen duen La Empresa de Transporte Masivo del Valle de Aburrá Limitada – Metro de Medellín LTDA enpresak CAFi esleitu dio bere metro-sarerako 13 metro-tren diseinatzeko eta hornitzeko lana. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da akordioak Metroaren instalazioetan probak eta amaierako muntaketa-lanak egitea jasotzen duela. Hain zuzen ere, Kolonbiako agintariek lehiaketaren pleguetan eskatutako baldintzetako bat da hori. 

Unitate berriak aurretik entregatutakoen antzekoak izango dira. Bakoitzak 3 kotxe izango ditu eta gaur egun operazioan dagoen flotarekin erabateko elkarreragingarritasuna izango dute. A eta B lineetan zerbitzua ematera bideratuko dira hurrengo urteotarako bidaiarien eskaeran aurrez ikusi den gorakadari erantzuna eman ahal izateko.

Medellin da biztanle gehien duen Kolonbiako bigarren hiria eta 2,5 milioi biztanle baino gehiago ditu. Gainera, garapen jasangarriko hiri-soluzioen garapena bultzatzen duelako ezagun bihurtu da. Metro-sarea 1995ean inauguratu zuten eta herrialde osoko bakarra da. Egunero 1 milioi pertsona baino gehiago garraiatzen ditu eta, ondorioz, Kolonbiako garraiosistema nagusia eta Latinoamerikako prestigio handieneko metro-sistemetako bat da.

 CAFen eta Medellineko Metroaren arteko harremana aspaldikoa da eta horrek agerian uzten du enpresak aurretik hornitutako unitateekiko bezeroak duen asebetetzea handia dela. Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da CAFek 38 unitate hornitu zituela 2009 eta 2018 artean. Gainera, orain gutxi, MAN trenen flotako beste 42 unitateren birgaitze integrala egin dute (hain zuzen ere, Medellineko metroa unitate horiekin hasi zen sistema operatzen 90eko hamarkadan).

Metro Medellín

Txileko Santiagok Metrorako beste 6 unitate jasoko ditu

Bestalde, La Empresa de Transporte de Pasajeros Metro SA - Metro Santiagok, Txile Estatuko sozietateak, berriro ere CAF aukeratu du bere unitateak hornitu eta manten ditzan aurretik egindako eskarien ondoren. Ondoz ondo egindako eskari horiekin lotuta, enpresak Txileko hiriburuko metroko 1., 3. eta 6. lineetarako 80 unitate inguru hornitu ditu. 

Oraingoan, CAFek bosna kotxe izango dituzten 6 unitate berri diseinatu, hornitu eta mantenduko ditu 6. linearen luzapenetarako. Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da unitateek GoA4 gidatze automatikoko sistema izango dutela, aurretik CAFek 3 eta 6 lineetarako entregatu zituen trenetako 41k bezalaxe. Horixe da trengintza arloko automatizazio maila altuena, tren barruan langilerik ez duena, eta funtzio guztiak kontrolzentro batetik kontrolatuta eta erabat automatizatuta erabiltzeko aukera ematen duena: gidatzea, ateak irekitzea eta ixtea, segurtasuna eta trenaren operazioa barne. 

Santiagoko metroa, Txileko hiriburuko garraio publikoaren enpresa nagusi gisa, zerbitzu integratua eskaintzearekin konprometituta dago gaur egun. Hala, teknologia aurreratuenarekin, 6. linea ekialdeko eta mendebaldeko noranzkoetan luzatzeko erronka hartu du bere gain. Horregatik guztiagatik, Santiago metroaren moduko bezero batek CAFentzat duen garrantzia azpimarratu behar dugu; izan ere, eskualde eta mundu mailan, teknologiari dagokionez punta-puntan dagoen operadoreetako bat da.

Metro Chile