Eduki nagusira joan

Herbehereetako NS operadore nazionalak berriro ere CAF-en jarri du konfiantza zoru bikotzeko 60 treneko kontratua esleituta

Herbehereetako trenbide-sareko aldiriko eta hiriarteko zerbitzuak kudeatzen dituen enpresak, Holandako NS (Nederlandse Spoorwegen) operadoreak, beste behin CAFen jarri du konfiantza hiriarteko zerbitzuetara bideratuko dituzten bi pisuko trenen flota berria hornitzeko. Kontratu berri honek aldiriko zerbitzuetarako 206 SNG-Civity trenak hornitzeko aurreko proiektuari (azken unitateak entregatzen ari da CAF gaur egun) emango dio jarraipena. Oraingoan, ordea, kontratuak 4 kotxeko 30 unitatearen eta 6 kotxeko 30 unitatearen hornidura eta horiek mantentzeko euskarri teknikoa biltzen ditu. Azken lan horiek NSk egingo ditu. Sinatu berri den kontratuaren bolumena 600 milioi euro baino gehiagokoa da eta akordioak unitate gehiago kontratatzeko aukera osagarriak ere jasotzen ditu. Aukera horiek aipatutako zenbatekoa igoko lukete.

NS da Herbehereetako Estatuko operadorea eta Europako trenen sektoreko empresa liderretako bat. Proiektu honek agerian utzi du beste behin Europako merkatuko aldiriko, Intercity eta eskualdeko zerbitzuetarako CAFek garatutako Civity plataforma arrakastatsua dela; izan ere, dagoeneko hainbat proiektu gauzatu ditu herrialde hauetan besteak beste: Holanda, Erresuma Batua, Suedia eta Italia.

Proiektu berria abenduaren 1ean enpresak 2026ko Plan Estrategikoa aurkeztu zuenean iragarritako estrategia komertzialarekin lerrokatuta dago. Aurkezpen hartan, CAFek bere lehentasunen artean Europako merkatuaren alde egindako apustua azpimarratu zuen hainbat arrazoi dela eta: negozio-bolumen handia eta jarduera errepikakorra, eta bere soluzioen eskaintzarekin bat etortzea eta posizionamendu sendoa.

CAFek hornituko dituen unitateen ezaugarriak dira edukiera handia eta ibilgailura iristeko irisgarritasun handia. Trenek gehienez 160 km/h-ko abiaduran zirkulatu ahal izango dute eta haietako bakoitza pisu bateko eta biko kotxeen konbinazioak osatuko du. Pisu bateko kotxeek mugigarritasun murriztua duten pertsonentzako sarbide erraza eskainiko dute. Gainera, garrantzi handiko kontratua da, enpresak Civity plataformako pisu bikoitzeko unitateak hornituko dizkion lehen bezeroa baita.

Gaur egun NS pisu bikoitzeko unitateen egungo bere flota berritzeko eta, aldi berean, hurrengo urteotarako zerbitzu-gaitasuna handitzeko asmoz bideratzen ari den planen baitan kokatu behar dugu proiektua. Aurreikuspenen arabera, lehen unitateak 2028an hasiko dira operatzen herrialde osoa zeharkatzen duten Intercity ibilbideetan. Gainera, unitateak handitzeko eta beste herrialde batzuetara (Alemaniara eta Belgikara, adibidez) mugaz bestaldeko ibilbideak egin ahal

izateko tren-bertsioak gehitzeko aukeraren bat gauzatzeko aukera ere badago. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da CAFek Holandako operadorearekin duen harremana aspaldikoa dela. Izan ere, 2014an sinatu zuen CAFek NSrekin bere lehen kontratua, Civity plataformako aldiriko 118 trenen fabrikazioa jasotzen zuena. Gerora, 2018aren amaieran, eskaria beste 88 unitatetan handitu zuten eta bezeroaren garrantzia eta bolumena (1.000 milioi euro ingurukoa) zela eta, CAFek Europan sinatutako kontratu adierazgarrienetako bat izan zen.