Aste honetan Robert Goodwill-ek, Erresuma Batuko Garraioetarako Estatu idazkariak, Espainian egin duen bisitak CAFeko ordezkariekin egindako topaketa ere jaso du Oaris abiadura handiko unitatea gertu-gertutik ezagutu ahal izateko. Trena Zaragozako Delicias tren-geltokian ezagutu du.
Oarisi egindako bisitan, Erresuma Batuko Garraioetarako Estatu idazkariarekin batera, honako hauek izan dira: Britainia Handiko enbaxadorea Madrilen, Simon Manley; Renfeko presidentea, Pablo Vázquez; eta Adifeko presidentea, Gonzalo Ferre. Horiek guztiek, Andres Arizkorretarekin, CAFeko kontseilari delegatuarekin, batera, unitateak jasotzen dituen aurrerapen teknologiko handiak eta diseinu modernoa egiaztatu ahal izan dituzte. Unitateak, gainera, erabiltzailearentzako punta-puntako prestazioak eskaintzen ditu erosotasunari eta funtzionalitateari dagokienez. Oarisarekin lotuta, aipatu beharrekoa da CAFek aurten Norvegian kontratua itxi duela abiadura handiko zortzi unitate Flytoget AS enpresa publikoari hornitzeko.
Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da urtearen amaiera baino lehen Erresuma Batuak Londres eta Birmingham hiriak lotuko dituen abiadura handiko proiektuaren (HS2) lehen faseko lizitazio-prozesua abiaraztea aurrez ikusi duela. Horren eraikuntza-lanak 2017an hasiko direla aurrez ikusi dute eta, bigarren fasean, linea herrialdeko ipar-mendebaldera luzatuko dute (Manchester eta Leeds hiriak). Proiektu horren aurrekontua 50.000 milioi euro baino gehiagokoa izango da eta Europan hurrengo urteotarako aurrez ikusitako azpiegitura-proiektu handienetako bat da.
Azken urteotan, CAFek presentzia handia izan du Erresuma Batuan eta ibilgailuen eta zerbitzuen gama zabala jarri du abian. 90eko hamarkadan, enpresak unitateak hornitu zituen Northern Spirit linearako eta aireportua Londres hiriarekin lotzen duen Heathrow Express konexiorako. Gerora, NIR enpresarentzat (Ipar Irlandako trenak) proiektuak garatu ditu eta, trenak fabrikatzeaz gain, mantentze-lanak ere egin izan ditu. Bestalde, enpresa Edinburgh eta Birmingham hirietarako tranbien hornikuntzaz arduratu da. Aurten, CAFek 200 milioi euro inguruko balioa duen kontratua sinatu du Caledonian Sleeper kotxeak hornitzeko. Londres eta Glasgow-Edinburgh arteko zerbitzua egiten du eta horien entregak 2018. urterako aurrez ikusi dituzte.
Gaur egun, operadore ugarirentzako lehiaketatan parte hartzen ari da CAF herrialde hartan. Gainera, Londreseko metroko lehiaketarako aurrekalifikazioa lortu duen enpresetako bat da. Era berean, lehen aipatu dugun HS2 abiadura handiko linearako lizitazioarekin lotutako interes handia dago eta horrek agerian utzi du hurrengo urteotan Erresuma Batuan duen presentzia areagotzeko konpainiak duen interesa.