Etihad Railek bidaiarientzako Push Pull motako trenak hornitzeko CAF aukeratu izanaren inguruan egindako prentsa-oharra erantsi dugu. Etihad Rail Arabiar Emirerri Batuetako estatuko enpresa da, eta herrialdeko tren-sarearen eraikuntza administratzeaz eta garatzeaz, eta sare hori kudeatzeaz eta operatzeaz arduratzen da. Kontratuaren bolumena 250 milioi euro baino gehiagokoa da.
Proiektu honek, CAF Taldeak mugikortasunerako irtenbide moderno, seguru eta efizienteen hornitzaile modura berriki lortu dituen beste kontratu arrakastatsu batzuekin batera, toki onean kokatu du enpresa datozen urteetan Golkoko Lankidetza Kontseiluko herrialde kideak lotuko dituen azpiegitura-sarea garatzeko abian dauden hainbat planetan parte hartzeko eta, horren bidez, garapen ekonomiko eta sozialerako agenda bateratua sustatu du.
Ingelesez idatzitako jatorrizko dokumentuaren itzulpena. Desadostasunen bat balego, ingelesezko bertsioa gailenduko da.
Etihad Railek eta Espainiako CAF enpresek bidaiari-trenak fabrikatzeko eta hornitzeko hitzarmena sinatu dute
Tren bakoitzak 400 bidaiari baino gehiago eramateko gaitasuna izango du eta 200 km/h bitarteko abiaduran ibiliko da.
Abu Dhabi, Arabiar Emirerri Batuak - 2022ko ekainak 23 Etihad Rail Arabiar Emirerri Batuetako Trenbide Sare Nazionaleko garatzaile eta operadorea da eta CAF trenen sektoreko munduko enpresa nagusietako bat. Bi erakundeek Arabiar Emirerri Batuetako trenbide-sare nazionalerako bidaiarientzako trenak diseinatu, fabrikatu, hornitu eta mantentze-lanak egiteko kontratua sinatu dute.
Hitzarmena Shadi Malak Etihad Raileko CEO jaunak eta Josu Imaz CAFeko Ibilgailuen Negozioetarako CEOak sinatu dute, bi enpresetako langileak bertan zirela, Sakamkamen, Fujairah hirian.
Hitzarmenaren arabera, CAFek Europako estandarren arabera fabrikatutako bidaiarientzako trenak fabrikatu eta hornituko ditu, eta horien mantentze-lana egingo du. Tren bakoitzak 400 bidaiari baino gehiago garraiatzeko gaitasuna izango du eta 200 km/h bitarteko abiaduran ibiliko da. Gaur egun, hori da bidarientzako diesel trenek har dezaketen abiadurarik handiena. Trenek eserleku mota desberdinak izango dituzte, eta inbertsio handia dira Arabiar Emirerri Batuetako garraio-sistema publikoa hobetzeko. Etihad Raileko Shadi Malak CEO jaunak adierazi duenez: “Hitzarmena Etihad Rail bidaiarientzako garraio-zerbitzuak hobetzeko egiten ari den jardueraren parte da. Egun Arabiar Emirerri Batuetan egiten ari diren garapen estrategiko nazionalarekin lotuta enpresak bere gain hartutako konpromisoa islatzen du, eta bere ezaugarri nagusien artean daude kronograma zorrotza eta estandar altuak betetzea. Horregatik, munduko enpresarik onenekin elkarlanean aritzea erabaki du, eta hori da Espainiako CAF enpresaren kasua, mundu osoan aitortutako esperientzia zabala baitu tren-zerbitzuen eta bidaiarientzako trenen arloan, duela 100 urte baino gehiagotik. Gainera, eskarmentu handia du trenen fabrikazioan, Golkoko eskualdean batez ere”.
“Bidarientzako tren-zerbitzuak hobetzea da Trenaren Programa Nazionaleko hiru proiektu estrategikoetako bat, eta Arabiar Emirerri Batuetako garraio publikoaren sistema hobetzeko xedea du, herrialdeko herritarren bizi maila hobetu ahal izateko, eta, era berean, nazioarteko araudiak eta segurtasuneko estandarrik altuenak betetzeko.
Bidaiarientzako trenek Arabiar Emirerri Batuetako hirien arteko garraioa erraztuko dute, eta bidaiariei bidaia erraza, efizientea, segurua, erosoa eta ekonomikoa eskainiko diete”, erantsi du CEO jaunak.
Josu Imaz CAFeko Ibilgailuen Negozioetarako CEOak, bestalde, hau aipatu du: “Oso harro eta eskertuta gaude Etihad Railek proiektu garrantzitsu hau garatzeko CAF aukeratzerakoan erakutsi digun konfiantzarengatik. Badakigu zer nolako garrantzia duen herrialdeko trenen sektorea garatzeko etorkizuneko planen barruan, eta CAFek bere esperientzia eta ezagutza eskaini nahi ditu”.
“Konfiantza horrek CAFek eskualdean duen apustu irmoa sustatzen du, herrialdeko trenen gaitasunen garapena babestu eta Arabiar Emirerri Batuetako garraio-plan estrategikoekin duen konpromisoa indartzen baitu”.
Trenek teknologia aurreratuena izango dute eta, halaber, Arabiar Emirerri Batuetako topografiara eta klimara egokituko dira. Hori funtsezkoa da errendimendu, efizientzia eta fidagarritasun handia bermatu ahal izateko. Gainera, trenek zerbitzuak eta entretenimendua eskainiko dituzte bidaian zehar, bai eta eserleku erosoak ere. Horrek guztiak segurtasun, efizientzia eta kalitate handia izango du eta horrek aukera emango die bidaiariei bidaiaz gozatzeko.
Etihad Railen bidaiarientzako trenak
2030erako bidaiarien kopurua urtean 36,5 milioira heltzea aurreikusten da eta, era berean, urte horretako operazioen segurtasuna bermatuko da. Unitate horiek Arabiar Emirerri Batuetako 11 hiri lotuko dituzte Al Silatik Fujairahra; tartean egongo dira Al Ruwais, Al Mirfa, Sharjah, Al Dhaid eta Abu Dhabi hiriak. Bezeroek Emirerrien eta Arabiar Emirerri Batuetako hirien arteko bidaiak modu eragingarriagoan planifikatzeko zerbitzua izango dute, txartelak erreserbatzen dituzten unetik hasi eta haien amaierako helmugara heldu arte. Era berean, bidaien denbora % 30-40 murriztea lortuko da, beste garraio mota batzuekin alderatuta. Esaterako, Abu Dhabitik Dubaira eta Dubaitik Fujairah 50 minutuan soilik joan ahal izango da, Abu Dhabitik Al Ruwaisera joateko 70 minutu beharko dira, eta Abu Dhabitik Fujairahko 100 besterik ez.
Etihad Railentzako trenek ekipamendurik modernoenak izango dituzte, informazio- eta entretenimendu-sistemak eta kargatzeko puntuak barne, bai eta catering eskaintza zabala, eserlekuen arteko tartea, eta aire girotuaren sistema aurreratua ere. Erosotasun horiek garraioa erabiltzen duten herritar, biztanle eta bisitari guztien beharrak aseko dituzte. Hainbat eserleku mota ere izango dituzte; lehen mailakoak, exekutiboen mailakoak eta maila ekonomikokoak.
Jasangarritasuna eta Fidagarritasuna
Tren Sistema Nazionalak ekarpena egiten dio ekonomia nazionalaren hazkundeari garraio-sistema jasangarriarekin, segurtasuna eta efizientzia eskaintzen baititu. Sareko trenek punta-puntako teknologiak dituzte isurpenen murrizketari dagokionez, karbonoisurpen horiek % 70-80 baxuagoak baitira kamioekin alderatuta. Tren-bidaia bakar batek 300 kamioik beste karbono-isurpen sortzen du.
Etihad Railek munduko jardunbide onenak erabiltzen ditu eta etengabe egiten ditu ingurumenaren eraginari buruzko ebaluazioak (IEE), bere jarduerak eta Arabiar Emirerri Batuetako tren-sare nazionalaren operazioek ingurumenean duten eragina mugatzeko.
Bidaiarientzako Tren Zerbitzuari Esperientzia eta Munduko Ezagutza Eskaintzea
Etihad Railek hiru ulermen-agiri sinatu berri ditu Espainiako tren-operadore nazionalarekin, Renferekin, eta High Speed 1 eta GB Railfreight Erresuma batuko enpresekin, lankidetza hobetu eta ezagutzak, esperientzia eta tren-zerbitzuetako jardunbide egokiak partekatzeko, bai bidaiarientzako trenen inguruan, bai trenen operazioen inguruan. Hitzarmen horiek iragan maiatzean sinatu zituzten Etihad Railek antolatutako Middle East Rail 2022 azokan.
Aurtengo otsailean, Etihad Railek 1.990 milioi AEDeko hitzarmena sinatu zuen First Abu Dhabi Bankekin (FAB), bidaiarientzako tren-zerbitzuak finantzatzeko, Arabiar Emirerri Batuetako Trenen Programa Nazionalaren baitan. First Abu Dhabi Bank izango da maileguaren kudeatzaile nagusia, hitzarmen horren harira.