Eduki nagusira joan

CAF-ek tranbiak hornituko ditu Estatu Batuetako Nebraska estatuko Omaha hirirako

Omaha Streetcar Authorityk, Omaha hiriaren eta Omaha Metroren artean hirian tranbia-sare berria garatzeko asmoz hainbat erakunderen artean sortutako agentziak, CAF aukeratu du linea horretan zerbitzua emango duten unitateak horni diezazkion.

Horixe izango da Omahak hurrengo urteotan aurre egin beharko dion proiektu nagusietako bat eta lan ugari barne hartuko ditu: azpiegitura eta tranbiak diseinatzea eta eraikitzea, eta sistemaren operazioa eta mantentze-lana. Aurrez ikusitakoaren arabera, sareak ia 5 kilometroko luzeran 16 geltoki izango ditu eta 2027an jarriko da zerbitzuan. Hiria ekialdera bidean zeharkatuko du Harney Street-etik, eta mendebaldera bidean Farnam Street-etik. Hala, Blackstoneko barruti historikoa Omaha hiriaren erdigunearekin lotuko du.

Omaha Nebraska estatuan dago eta milioi erdi bat biztanle inguru dituen hiri bizia da. Gaur egun, gainera, populazio-dentsitatea handitzeko eta hirigunea garatzeko asmoz, proiektu ugari bideratzen ari da. Proiektu honen helburua, hain zuzen ere, hirigunearen eta negozioetarako guneen, hezkuntza-zentroen eta zerbitzuguneen artean egoiliarren, langileen eta bisitarien mugikortasuna hobetzea da. Era berean, enplegua eta garapen ekonomikoa hazteko motorra ere bihurtuko litzateke proiektua.

CAFek egingo dituen lanen irismenak 6 tranbiako hasierako hornikuntza biltzen du, dagozkion parkeko piezekin eta erreminta bereziekin batera. Akordioak, gainera, tranbia kopuru hori etorkizunean beste 29 unitatera arte handitzeko aukera jasotzen du. Kontratuaren bolumena 50 milioi euro ingurukoa da.

Urbos plataformako 3 moduluko tranbiak dira, % 100ean zoru baxukoak, katenaria erabilita zein, katenariarik ez duten linea-tarteetan, OESS (On Board Energy Storage Systems) teknologiarekin zirkulatzeko ekipatutakoak. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da horiek izango direla OESS sistemarekin Estatu Batuetarako fabrikatutako CAFen lehen tranbiak. Bereziki garrantzitsua da hori; izan ere, Estatu Batuetako hiri-operadoreek gero eta interes handiagoa dute bateria bidez zirkulatzeko aukera duten tranbia-sistemetan. Beraz, erreferentzia garrantzitsua da, katenariarik gabeko bideen sektoreetan Estatu Batuetako proiektuen etorkizuneko lizitazioetan egin beharreko bidea erraztuko baitio CAFi.

CAF 1998tik dago Estatu Batuetan. Gainera, produkzio-instalazioak ditu Estatu Batuetan, Elmira udalerrian (New York estatua), eta hainbat proiektu garatu ditu herrialdean.

Nabarmentzekoak dira Washington DC hiriko metroari hornitutako 96 unitateak, Amtrak operadorearentzako bidaiarien 130 kotxeak, Kansas City, Cincinnati, Houston, Sacramento, Pittsburgh eta Boston hirietako tranbiak eta LRVak.

Gaur egun, CAF Bostoneko Green Linerako 102 LRV entregatzeko proiektuan eta Maryland hiriko Purple Line linearako 26 LRV entregatzeko proiektuan ari da lanean. Azken horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da CAFek partaidetza izango duela operazioa kudeatu eta sistemaren mantentze-lanak 30 urtez egingo dituen sozietatean.