Eduki nagusira joan

CAF-ek kontratu gehiago lortu ditu Italian; oraingoan, Bolonian eta Erroman

CAFek Italian duen presentzia sendotzen jarraitzen du Bolonia eta Erroma hirietan adostutako beste bi kontraturi esker. Alde batetik, Boloniarako tranbiak hornitzeko eta mantentze-lanak egiteko esparru-kontratua esleitu dute eta, bestetik, Erromako ATAC S.p.A. operadorearekin hitzarmena adostu dute gaur egun CAF Italiako hiriburuan garatzen ari den tranbien kontratua handitzeko. Bi akordioen baterako bolumena 200 milioi euro ingurukoa da.

Horrenbestez, CAFek Italiako merkatuan beste arrakasta bat lortu duela esan dezakegu. Kontratu berri horiekin, gainera, hiriko mugikortasun jasangarriaren arloan duen lidergoa baieztatu da. Izan ere, kontratu horiek CAFek Italian orain gutxi lortu dituen garrantzi handiko beste batzuei gehitu behar zaizkie. Horien artean, batzuk aipatzearren, hauek nabarmendu behar ditugu: Palermorako tranbiak, Napoleserako metro-unitateak edo Venezia, Cagliari, Milan eta Catania hirietarako kontratatutako hidrogeno eta elektrizitate bidezko 360 autobus baino gehiago.

Tranbiak Bolonia hirirako

Boloniako Udalak (Comune di Bolonia) gehienez 60 tranbia hornitzeko esparru-kontratua esleitu dio CAFi. Hitzarmenak, gainera, unitate horiek 4 urtez mantentzeko lanak eta flotarako parkeko piezak eta erreminta bereziak entregatzea ere jasotzen du. Hasiera batean, 33 unitate entregatzeko lehen kontratua sinatuko da eta horren balioa 130 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Gerora, kontratu hori gehienez 6 urteko epean lehen aipatutako 60 tranbiako kopururaino edo 72 tranbiaraino (legeak aurrez ikusitako % 20 gehigarria) handitu ahal izango litzateke eta horrek bikoitza baino gehiago handituko luke operazio osoaren zenbatekoa kontratuan jasota dauden aukera guztiak gauzatuz gero.

CAFek diseinatutako unitateak Urbos tranbia-plataformakoak dira. Hain zuzen ere, modelo horrek 1.000 ibilgailu baino gehiagoko parkea du zerbitzuan bost kontinenteetako 20 herrialde baino gehiagotan. Oraingoan, tranbia 5 moduluk osatuko dute eta 200 bidaiari baino gehiagorentzako edukiera izango du 35 metro baino gehiagoko luzeran. Era berean, OESS (On Board Energy Storage Systems) sistemarekin ekipatuta egongo dira. Sistema horri esker, unitateak katenaria beharrik izan gabe zerbitzua eskain dezake eta horrek, inpaktu bisual txikiagoa eta zerbitzuan eraginkortasun energetiko handiagoa ematen du. CAFek proiektu askotan probatu eta garatu duen teknologia da eta, horri esker, enpresa trenen sektore baitan treneratutako energia-sistematan lider bihurtu da.

Kontratua Emilia-Romagna eskualdeko hiriburu historikoan garatu behar duten tranbia-sare berrirako proiektuarekin lotuta dago. Tranbia-sare horrek lau linea (gorria, horia, berdea eta urdina) izango ditu eta TPERen (Trasporto Passeggeri Emilia Romagna) jabetzakoa den TPB enpresak operatuko du. Hain zuzen ere, operadore horrek berak CAF Taldeari iaz esleitu zion hidrogeno bidez propultsatutako Solarisen 127 autobusen hornitzeko kontratua.

Proiektua Europar Batasunaren Berreskuratze eta Erresilientzia Planetako funtsekin finantzatu da, eta hiria aurrera eramaten ari den Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren parte da. Helburu handiak dituen plana da, eta biztanleei eta bisitariei kutsadura gutxiagoko hiri bat itzultzea du helburu, metropoliko garraio-sistema integratu bakar bat ezarrita modu jasangarri eta seguruan mugitu ahal izateko. Hala, tranbia izango da mugikortasun jasangarriaren eredu berri horren zutabeetako bat.

Erromarako tranbia-kontratua handitzea

Bestalde, Italiako ATAC S.p.A. operadoreak, Erromako metropoli eremuko garraio publikoa kudeatzen duen enpresak, joan den urtearen amaieran CAFi esleitu zioten tranbiak hornitzeko proiektuaren esparru-akordioan jasotako lehen zabalkuntza-aukera aurrera eramatea erabaki du. Esparru-akordio horrek hasiera batean 40 tranbia diseinatzeko eta

fabrikatzeko lanetarako lehen kontratua jasotzen zuen, proiektuko unitate kopurua beste 81 ibilgailutan handitzeko aukerarekin (guztira, beraz, kopurua 121ekoa litzateke).

Bigarren kontratu hau sinatuta, Erromako operadoreak hornikuntza zabaltzea erabaki du beste 20 tranbiako lehen zabalkuntzarekin. Unitate horiek ere OESS (On Board Energy Storage System) sistema izango dute eta 5 urteko aldian mantentze-lanak egiteko hitzarmena ere jasotzen du. Erabakia gaur egun sareko sei lineetan funtzionamenduan dagoen flotako unitate zaharrak ordezkatzeko ATAC S.p.A.k ezarritako helburuei lotua dago. Finkatutako beste helburuetako bat da, gainera, laster Italiako hiriburuan eraikitzea aurrez ikusi dituzten linea berrietan zerbitzua emango duten unitate berriak erostea.