Eduki nagusira joan

CAF-ek Italian duen posizioa indartu du Erromarako tranbiak hornitzeko sinatutako kontratuarekin

ATAC S.p.A. operadoreak CAFi esleitu dio Italiako hiribururako tranbia-flota berria hornitzeko esparru-akordioa. Zehatzago esanda, kontratuak 40 tranbiaren fabrikazioa eta diseinua, eta 5 urtez horien eta dagozkion parkeko piezen mantentzea jasotzen du. Bestalde, hitzarmenak proiektuko unitate kopurua beste 81 ibilgailutan (guztira 121era arte) handitzeko aukera jasotzen du. Oinarri-kontratuaren zenbatekoa 130 milioi euro baino gehiagokoa litzateke eta, bezeroak akordioan jasotako aukerak aurrera eramango balitu, 400 milioi euro baino gehiagora igoko litzateke.

ATAC S.p.A. da Erromako metropoli eremuko garraio publikoaren sozietate emakidaduna, eta Udala da horren jabea % 100ean. Gainera, Italiako hiri-garraiorako enpresa handiena eta Europako enpresa garrantzitsuenetako bat da. Tranbia-sareaz gain, Erromako metroko hiru lineak, hiri inguruko trena eta hiriko mugikortasuna egituratzen duten trolebusaren eta autobusaren hiri-lineak ere kudeatzen ditu.

Italiako operadoreak Europako finantzaketa jasoko du proiektu honetarako eta bere helburua da gaur egun sareko sei lineetan zerbitzua ematen duten flotako unitate zaharrak ordezkatzea eta, bide batez, laster eraikitzea aurrez ikusi duen linea berrietarako tranbiak erostea.

CAFek diseinatutako unitateak Urbos tranbia-plataformakoak dira. Enpresak kontinente guztietan 1.000 ibilgailu baino gehiago ditu zerbitzuan (20 herrialde eta 50 hiri baino gehiagotan). Tranbia 5 moduluk osatuko dute eta ezaugarri nagusietako bat izango da OESS (On Board Energy Storage Systems) sistemarekin ekipatu ahal izateko prestatuta egongo dela. Horren bidez, unitateak katenariarik gabeko tarteetan opera dezake eta, hala, Italiako hiri historikoan inpaktu bisual txikiagoa eta energia-eraginkortasun handiagoa lortuko dira.

Horrek guztiak baieztatu egin du CAF Taldeak Italiako merkatuaren alde egindako apustua eta, zehatzago esanda, Italiako hiriburuko garraio jasangarriarekin lotutakoa. Izan ere, enpresak 20 urte baino gehiago daramatza Roma Capitalerekin lanean eta orain arte 71 metro-unitate hornitu dizkio. Ibilgailuak gaur egun A, B eta Roma-Lido lineetan zerbitzua eskaintzen ari dira eta operazioan eskuragarritasun eta fidagarritasun maila handiak izan dituzte. Era berean, ezin dugu aipatu gabe utzi Solaris, autobusak eraikitzen espezializatuta dagoen Taldeko enpresa. Solaris, gaur egun, zero isurpeneko autobusen merkatuan liderra da Italian eta unitate kopuru handia (elektrikoak eta hiddrogeno bidez propultsatutakoak) entregatu du orain arte.