CAF Taldeak Coradia Polyvalent plataformako eskualdeko beste 18 tren fabrikatzeko kontratuak itxi ditu 161 milioi euroren truke.
CAFek joan den urteko abuztuan egindako eragiketaren ostean Coradia Polyvalent plataformako unitateekin lotuta enpresak lortutako lehen eskariak dira. Ordu hartan, enpresak Frantziako Reichshoffeneko fabrikazio-lantegia, trenen plataforma hori eta hari lotutako eskarien zorroa, eta Talent 3 plataformaren jabetza intelektuala eskuratu zituen. Horren guztiaren helburua zen CAFek Frantziako eta Alemaniako merkatuetan duen posizioan sendotzea.
Kasu honetan, akordioek honako hauek jasotzen dituzte: alde batetik, Akitania Berria (Frantzia) eskualderako 11 trenen hornidura, eta bestetik Senegalerako 7 unitate. Zehatzago esanda, herrialdeko Garraio Ministerioaren mende dagoen Inbertsioen eta Obra Handien Sustapen Agentziarako (APIX) izango dira. Horrekin lotuta aipatu beharrekoa da Coradia Polyvalent plataformako proiektu batzuen (abian daudenak) lehen zabalkuntzak direla. Kontratu horien baldintzek entregatu beharreko tren kopurua handitzeko aukera jasotzen dute.
Eragiketaren ostean indarrean dauden baldintzen arabera, bi proiektuak Alstomekin kontsortzioan egingo dira. Hark eskainiko ditu unitatearen ekipoak; aldiz, CAFek trenak diseinatu eta fabrikatuko ditu (haietako bakoitza lau kotxek osatuko dute) CAFek Frantziako Reichshoffenen (Alsazia) duen lantegian.
Kontratu horiei esker, CAFek Frantzian duen eskarien zorroa 2.400 milioi eurora arte handituko du. Taldearen zorroaren % 18ren baliokidea den datu historikoa da eta, horri esker, Frantzia bihurtuko da hurrengo urteotarako bere merkatu nagusietako bat. Era berean, Frantziako lantegietarako karga industrialen plana sendotu eta CAFek Frantziako garraio publikoko garapenerako tokiko, eskualdeko eta Estatu mailako agintaritza publikoen epe luzerako erreferentziazko enpresa eta bazkide gisa betetzen duen posizioa indartu dute kontratuek.
Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da CAF herrialdeko tren-sare nagusi batzuentzako kontratuak garatzen ari dela eta horien artean honako hauek aipa ditzakegu: 146 trenen hornidura Pariseko RER B aldiriko linearako, 28 Intercités tren SNCF operadorearentzat (Paris- Clermont eta Paris-Limoges-Okzitaniako Tolosa lineetan eskainiko dute zerbitzua) edo tranbiak hornitzeko proiektuak Montpellierreko eta Marseillako metropoli eremuetarako.
Amaitzeko, aipatu beharrekoa da Frantzian izandako hazkunde hori CAFen 2026ko Plan Estrategikoarekin bat datorrela eta, zehatzago esanda, funtsezko herrialdeetan (Frantzian, esate baterako) salmentak handitzeko helburuarekin. Izan ere, Frantziakoa jarduera errepikakorra eta bolumen handia dituen merkatua da eta CAFen soluzioen eskaintzarekin lotura estrategiko ona du.