Metro Madrid operadoreak berriro ere CAFengan jarri du konfiantza Madrilgo metrorako unitate berriak hornitzeko. Izan ere, operadoreak material mugikorreko bere flota berritzeko eta zabaltzeko dituen planen baitan, ibilgailuetarako bigarren lotea esleitu dio enpresari.
Kontratua sinatu dute eta galibo estuko 40 trenen diseinua eta fabrikazioa biltzen du. Ibilgailuek Pinar de Chamartín eta Valdecarros geltokiak lotzen dituen 1. linean egongo dira funtzionamenduan (horixe bera da, hain zuzen ere, metroak 1919an inauguratu zuen lehen linea). Hitzarmenak, gainera, flotaren bizitza-zikloa optimizatzeko programa garatzeko eta ezartzeko lanak ere jasotzen ditu. Gainera, lehen lotearekin gertatzen zen moduan, etorkizunean hornitu beharreko unitate kopurua handitzeko aukera ere sartuta dago. Eragiketa horren bolumena 400 milioi euro baino gehiagokoa izango da.
CAFek hornituko dituen unitateak seina kotxek osatuko dute eta disposizio jarraituarekin diseinatuta egongo dira. Unitate osoan zehar, kotxeen artean interkomunikazioko korridoreak egongo dira eta, horiei esker, bidaiariak garraiatzeko edukiera handia izango dute. Azken belaunaldiko trenak dira eta segurtasun, prestazio, erosotasun eta mantenugarritasun arloko punta-puntako aurrerapen teknologikoak izango dituzte. Aldi berean, gainera, energia eraginkortasun gorena bermatuko dute.
Aipatu dugun moduan, hauxe izango da CAFek Madrilgo operadorearekin aurten lortu duen bigarren kontratua. Izan ere, ekainean galibo zabaleko 40 tren hornitzeko akordioa sinatu zuen. Unitate berrien erosketa Europako Inbertsio Bankuak (EIB) emandako maileguen bidez finantzatuko da eta zerbitzuaren kalitatea indartzea eta hiriburuko garraio publikoaren edukiera handitzea du helburu. Tren berriak (modernoagoak eta ikuspegi energetikotik eraginkorragoak dira) erosteko erabakia hainbat arrazoik eragin dute: alde batetik, bidaiarien eskarian azken urteotan gertatu den gorakada eta hazteko aurreikuspenak eta, bestetik, Madrilgo Komunitateak abian jarritako ingurumen-politikak.
Horrekin lotuta, azpimarratu beharrekoa da aurreko lehiaketan gertatu zen moduan, esleipen prozesua oso zorrotza izan dela eskakizun teknikoei dagokienez. Hala, garrantzi handia izan dute honelako alderdi hauek: energiaren kontsumoa, LCC (produktuaren guztizko kostua bizitza-ziklo osoan zehar) eta unitateen prestazio teknikoak. Azken horiei dagokienez, azpimarratu beharrekoa da GoA2 modu erdi-automatikoan operatzeko aukera eskaintzen dutela eta, proiektuan zehar, GoA3 automatizazio mailarekin (hau da, kabinan gidaririk gabe, baina tren barruan laguntzaile baten ikuskapenarekin) egindako ustiapenera ere bilakaera izan dezaketela.
CAFen eta Madrilgo Metroaren arteko harremana aspaldikoa da; hain zuzen ere, bi enpresen arteko historian zehar, enpresak operadoreari unitateen kopuru handia hornitu dio. Gaur egun, oraindik ere, hiriburuko hiri inguruko sarean zirkulatzen duen tren-flotako ibilgailu gehienak dira CAFek hornitutakoak. Zehatzago esanda, Madrilerako 600 metro-unitate baino gehiago entregatu ditu enpresak (2000, 3000, 5000, 6000, 8000 eta 8400 serieetakoak). Ibilgailu horiek guztietatik, entregatutako azkenekoak 8400 serieko unitateak izan ziren (2010 eta 2011 urteetan). Gaur egun, sareko 6. linean eskaintzen dute zerbitzua.