Eduki nagusira joan

CAF-ek bonn eta budapest hiriei hornitutako unitate kopurua ugarituko du

Bi akordio horiek handitzeko hitzarmenak bezero horiek CAFengan jarritako konfiantza eta Europa mailan tranbien merkatuan duen lidergoa berretsi du. Bi akordio horien guztizko bolumena 75 milioi euro baino gehiagokoa izango da.

Maiatzean, Bonn hiriko eta inguruetako garraio-zerbitzuetako operadoreek, Stadtwerke Bonn Verkehrs GmbH (SWBV) eta Elektrische Bahnen der Stadt Bonn und des Rhein-Sieg-Kreises GmbH (SSB) enpresek, CAFi esleitu zioten LRV motako 22 unitate hornitzeko kontratua.

Akordio horrek irismena beste 10 unitatetan handitzeko aukera jasotzen zuen eta aukera hori 7 hilabete eskas geroago erabiltzea erabaki dute. Ondorioz, hornitutako unitate kopurua, guztira, 32 LRVkoa izango da.

SWBV eta SSB operadoreek kudeatzen duten flotak Bonneko trenbide-sarean funtzionatzen du eta, gainera, hiria inguruan dagoen Koloniarekin lotzen duten hiriarteko linea batzuetan eskaintzen du zerbitzua. CAFen ibilgailu berriei esker, haien zerbitzuak sendotuko dituzte eta hurrengo urteotarako bidaiarien bolumenean aurrez ikusitako igoerari aurre egin ahal izango diote.

Pisu altuko eta 28 metroko luzerako bi noranzkotako unitateak dira, diseinuari eta dimentsioari dagokienez gaur egungo unitateen antzekoak ("Stadtbahnwagen B” izena dute), baina hiriko garraiorako era honetako unitateentzako erosotasuneko eta segurtasuneko punta-puntako aurrerapenekin ekipatuta daude.

Proiektu honek baieztatu egin du CAFek Alemanian izandako igoera. Izan ere, azken hilabeteotan hainbat mugarri lortu ditu bertan eta, horien artean, bateria bidez propultsatutako 73 tren hornitzeko VRR eta NWL garraio arloko Alemaniako agintaritzekin sinatutako kontratua, Essen eta Hannover hirietarako LRVen eskaria eta Friburgorako tranbien kontratua handitzeko duela gutxi sinatutako kontratua aipatu behar ditugu.

 

Tranbia gehiago Budapest hirirako

Bestalde, CAFek 20 tranbia berri hornituko ditu Budapesterako. Zehatzago esanda, Hungariako hiriburuko garraioaren kudeaketaz arduratzen den BKK (Budapesti Közlekedési Központ) enpresak erosiko ditu. Unitateak 5 modulukoak izango direla eta entregak 2024ko bigarren seihilekoan egingo direla aurrez ikusi dute.

CAFek 2014ko martxoan sinatu zuen BKKrekin bere lehen kontratua, Urbos plataformako 37 tranbia-unitateren hornidura jasotzen zuena. Kontratuak, gainera, etorkizunean egin zitzaketen zabalkuntzetan unitate kopurua handitzeko aukera biltzen zuen. Hain zuzen ere, bezeroak urte hauetan guztietan erabili du aukera horiek baliatzeko klausula eta beste 36 unitate jaso ditu.

Guztiak daude dagoeneko zerbitzu komertzialean. 50 km/h-ko zerbitzu-abiadurarekin zirkulatzeko diseinatuta dauden ibilgailuak dira eta 326 bidaiarirentzako edukiera dute. Gainera, zoru baxua dutenez, mugikortasun murriztua duten pertsonen, gurpildun aulkian doazen eta haur-kotxeentzako sarrera errazten da.

Budapest izan zen hiriko garraiobide hau erabiltzen hiri aitzindarietako bat eta, gaur egun, 40 tranbia-linea inguruk osatzen duten sare zabala du. Haietako batzuk dira, hain zuzen ere, Europa osoan bidaiarien bolumen handiena garraiatzen dutenetakoak. Horrek garrantzi handiagoa ematen dio hiriak, beste behin, CAF Taldeak fabrikatutako ibilgailuetan konfiantza jarri izanari; izan ere, horrez gain, ez dugu ahaztu behar Hungariako hiriburuan Solaris etxeko trolebusen kopuru handia dagoela funtzionamenduan. Bezero horrek berak Solaris etxearen Trollino modeloko 108 modelo baino gehiago jaso dituzten eskariak adostu ditu.