CAFek bere bezeroen konfiantza berretsi du, egun egiten ari den proiektuetako unitate kopurua handitzeko bi hitzarmen itxi baititu. Alde batetik, Herbehereetako GVB operadoreari beste 13 tren hornituko dizkio Amsterdameko metrorako eta, bestetik, Palermo hirirako tranbia-sare berriko unitateen kopurua handituko du. Bi operazioen zenbateko osoa 130 milioi euro ingurukoa da.
CAFek beste 13 unitate hornituko ditu Amsterdamgo Metroarentzat
GVBk, Amsterdam eremuko bidaiarientzako garraio publikoaren operadoreak, M7 motako 13 metro-unitate gehigarri hornitzea adostu du CAFekin. 2018an CAFekin sinatutako kontratuan aukera hori jasotzen zen (hasiera batean, 30 tren hornitzea aurreikusten zuen kontratuak).
Ibilgailu berriak dagoeneko entregatuta dauden unitateen berdinak izango dira. Bakoitzak 3 kotxe ditu eta akoplatu egin daitezke 6 kotxeko ibilgailua sortzeko. CBTC (Communications Based Train Control) sistema eta gidaririk gabeko funtzionamendu erabat automatikoa (GoA 4) izango dute.
Metro-unitate berriak entregatzean, flotaren unitaterik zaharrenak ordezkatuko dituzte. CAFek hornitu zituen horiek ere 90eko hamarkadan eta bizitza erabilgarria amaitu zaie. Aipatutako flota ordezkatu ondoren, GVBk unitate modernoak izango ditu bidaiarien fluxu handia modu eroso eta efizientea garraiatzeko.
Eskari horrekin, CAFek Herbehereetako bezeroei azken 10 urteotan entregatu dizkien edo eskarien zorroan dauden ibilgailu guztien kopurua 445 unitatekoa izango da. Horien artean, adierazgarriak dira berriki GVBri entregatutako 72 tranbiak eta NS, Utrechteko probintzia edo Qbuzz operadorearekin adostutako kontratuak besteak beste. Aipatutako kontratuei, gainera, TrnsDev eta Arriva Herbehereetako operadoreei autobus elektrikoak eta hidrogenozkoak hornitzeko Solarisek berriki lortutako kontratuak gehitu behar zaizkie. Hori guztia dela eta, CAF Taldea Herbehereetako garraio publikoaren arloko ibilgailu jasangarrien hornitzaile nagusietako bat bihurtu da.
Italiako Palermo hiriak tranbien eskaria handitu du
Lehen kontratua sinatu eta urtebetera, Comune di Palermok hitzarmena lehen aldiz handitzea erabaki du eta 14 tranbia gehiago erosi ditu. Kasu honetan, unitate berriak tranbia-sareko D, E2, F eta G tarte berrietarako izango dira (tarte horiek eraikitzeko lanak laster lizitatuko dituzte).
Gogoan izan behar da aurreko ekitaldiaren erdialdean, Sis Scpa Italiako eraikuntza-enpresak eta CAFek osatutako ABEEari esleitu ziotela Palermo hiriko tranbiaren A, B eta C linea berriak eraikitzeko zein linea horietarako unitateak hornitzeko proiektua. CAFi zegokion kontratuaren irismena gero hiriko sareko tarte horietan funtzionatuko duten 9 tranbia diseinatzea eta fabrikatzea zen. Gainera, hornikuntza hori beste 35 unitaterekin handitzeko aukera jasotzen zuen kontratuak.
Tranbia luzatzea proiektu oso garrantzitsua da Palermo hiri historikoaren etorkizunerako, tranbiaren bidez hiriari garraio publiko handiagoa eta modernoagoa eskaintzeko xedea baitu. Hain zuzen ere, herritarren ustez, garraiobiderik seguruena, azkarrena eta jasangarriena da tranbia.