Eduki nagusira joan

CAF-ek 22 Intercités Oxygène tren hornituko dizkio SNCF Voyageurs-i Bordele-Marseilla linearako

Deskargak

Frantziako SNCF Voyageurs operadoreak berriro ere CAFen jarri du konfiantza Oxygène izeneko 22 Intercités tren hornitzeko. Ibilgailuek Bordele-Marseilla linean emango dute zerbitzua eta 2019an Paris-Limoges-Toulouse eta Paris-Clermont-Ferrand lineetarako kontratatutako 28 trenei gehituko zaizkie. Oxygène trenen hasierako kontratuak hornikuntza gehienez beste 75 trenekin handitzeko aukera jasotzen zuen. 22 tren erosteko sinatutako akordio berriaren zenbatekoa 400 milioi euro baino gehiagokoa da. Intercitésen material ibilgarri berriaren erosketa Estatuak finantzatuko du TET (Trains d’Équilibre du Territoire) sarea kudeatzen duen agintari gisa. Sare horretan sartuta daude abiadura handiaren bidez konektatuta ez dauden Frantziako hiri nagusien artean zerbitzua ematen duten distantzia ertain eta luzeko trenak.

CAF_SNCF_Intercites_1.JPG

Bidaiariarentzako esperientzia berria distantzia ertain eta luzerako

Intercités Oxygène trenek 420 plazako edukiera eskaintzen dute guztira (317 plaza 2. mailan, eta 103 plaza lehen mailan) erosotasun maila handiarekin. Eserlekuak tren honetarako bereziki diseinatu dira eta erosoak, ergonomikoak eta bizkarralde integratudunak dira. Haien estetikak orain 50 urteko lehen Corail trenak ekipatzeko erabili zituzten eserlekuei omenaldi modukoa egin die. Gainera, LED irakurketa-argiekin, korronteharguneekin, USB atakekin eta abiadura handiko WiFiarekin egongo dira ekipatuta.

Tren barruan mugitzea errazagoa izan dadin eta irisgarritasuna hobetzeko, korridore zabala izango dute. Gainera, bizikletetarako eremu espezifikoa eta ekipajea garraiatzeko espazio ugari izango dira. Intercités Oxygène trenak, gainera, jatetxe-zerbitzurako eremua ere badu.

Eskari berriak CAFek Reichshoffenen duen lantegirako lan-karga sendotu du

22 tren berriak CAFek Alsazian dituen instalazioetan fabrikatuko dituzte oso-osorik. Hain zuzen ere, bertan ari dira produzitzen hasierako eskariko 28 tren haietako gehienak eta, tren gehiago eskatzeko akordio honek Reichshoffeneko lantegiko lan-karga indartuko du 2029. urtera arte.

Reichshoffeneko lantegiak 740 langile ditu eta industria eta trenen arloan 250 urteko historia pilatu du. Gaur egun, CAF Taldeko lantegi garrantzitsua da bertako ingeniaritza- eta diseinubulegoari eta ibilgailuetako probak egiteko bertako instalazioen eta gaitasun industrial malguari esker. Hango bulegoan, hain zuzen ere, tren bat osorik diseinatzeko gai diren 130 ingeniarik eta teknikarik baino gehiagok egiten dute lan.

CAF_SNCF_Intercites_2.jpg

Balioztatzeko eta adostasuneko probak abian

Gaur egun, CAF Velimeko (Txekiar Errepublika) proba-zirkuituan, Oxygène trenaren prestazioak eta diseinua balioztatzeko probak egiten ari da. Horretarako, material ibilgarriaren funtzionamendu egokiarekin lotutako ebidentziak jasotzen eta erregistratzen, eta estatu mailako eta Europako tren arloko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen ari dira. Aldi berean, Beasaingo eta Reichshoffeneko lantegiek serieko trenak fabrikatzen jarraitzen dute.

Aurreikuspenen arabera, 2025eko udazkenetik aurrera, Frantziako trenbide-sarean homologazio-probak egingo dituzte hainbat hilabetez. Azkenik, 2026tik aurrera, Oxygène trenen zirkulazio-probak benetako baldintzen arabera egingo dituzte gerora erabiliko dituzten linea horietan: Paris-Clermont-Ferrand eta Paris-Limoges-Toulouse. Aurrez ikusitako fase horiek guztiak behar bezala gainditu ostean, trenbide arloko segurtasuneko agintariek dagokion baimena igorriko dute. Hain zuzen ere, zerbitzu komertzialari ekin ahal izateko ezinbesteko pausoa da hori.

.