Eduki nagusira joan

Beste kontratu bat esleitu diote CAF-i Oslorako; oraingoan, Norvegiako hiriburuko metrorako unitateak hornituko ditu

Sporveien, Osloko Udaleko hiri-garraiorako operadore publikoak, berriro ere CAFengan jarri du konfiantza hiriko hiri-garraioan funtzionatuko duten ibilgailuak horni diezazkion. Oraingoan, CAFekin sinatutako akordioak metroko 20 trenen eta dagozkion parkeko piezak hornitzea jasotzen du. Gainera, unitate kopurua beste 90 unitatetan handitzeko aukera ere jasotzen du kontratuak. Oinarri-kontratuaren bolumena 150 milioi euro baino gehiagokoa da eta zenbateko hori nabarmen handituko litzateke bezeroak aurrez ikusitako aukera horiek gauzatuko balitu.

Osloko metroak edo T-Bane izenekoak hiria egituratzen du 85 kilometro baino gehiagoko ibilbidean, 6 lineatan banatuta. Gainera, hirian zehar mugitzeko gehien erabiltzen den garraiobideetako bat da. Metrorako M4000 unitate berriak CAFen metro-plataforman (INNEO izenekoa) oinarritutako ibilgailuak izango dira. Bi noranzkotako unitateak dira eta bakoitza 3 kotxekoa da. Haietako bakoitzak alde bakoitzean 3 ate bikoitz izango ditu eta, horri esker, modu erraz eta bizkorrean sartu ahal izango da ibilgailuetara eta, horrela, geltoki bakoitzean geldi egoten diren denborak optimizatu ahal izango dira.

Trenak Norvegiako hiriburuko baldintza klimatologiko gogorretan (elurra eta muturreko tenperaturak) funtzionatzeko diseinatuta egongo dira eta bogie bakoitzean motorizazioa izango dute. Horri esker, operazioan zehar unitatearen heltzea eta trakzioa hobetuko dira.

Horrez gain, ibilgailu barruko bateriak izango dituzte eta, horri esker, elikadura-linean ezbeharrezko akatsa gertatuz gero, hurrengo geltokira iristeko aukera izango du edo, dagokionean, katenaria erabili beharrik izan gabe, operadorearen biltegian mugitu. Horrekin guztiarekin lotuta, lehentasun nagusia energia-kontsumo eraginkorra izatea da, ibilgailu jasangarria lortzeko. Amaitzeko, azpimarratu beharrekoa da ibilgailuak prestatuta egongo direla etorkizunean GoA4 gidatze autonomoa lortzeko erabat automatizatu behar izango balira ere.

Inbertsio hori hurrengo urteotan Sporveien operadorearen zerbitzuak erabiliko dituzten bidaiarien kopuruarekin lotuta aurrez ikusitako igoerari aurre egiteko finkatu dituen planetan sartuta dago. Horren bidez, bi helburu lortu nahi ditu operadoreak: garraio-gaitasuna handitzea eta, aldi berean, mugikortasun seguruagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa sendotzea.

Horixe izango da CAF Taldeari azken urteotan Oslo hirirako esleitu dioten hirugarren kontratua. Horren aurretik, honako bi hauek sinatu ditu: 2022an, artikulatutako 183 autobus elektriko hornitzeko akordioa (iaztik zirkulazioan daude bertako kaleetan), eta 87 tranbia entregatzeko sinatutako kontratua (gaur egun ari dira entrega horiek egiten). Horrek guztiak baieztatu egin du gaur egungo hirietarako zero isurpeneko mugikortasun kolektiboko soluzioen eskaintza zabal eta modernoa eskaintzeko garaian CAF hornitzaile egokia dela.