Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko enpresa publikoak, CAFekin sinatu du 980 serieko 5 unitate elektriko berri hornitzeko kontratua. Ibilgailuak Bilboko Metroko 5. linea berrira bideratuko dira. Adostutako akordioak, gainera, unitate berrietarako eta Euskotrenen 950 serieko zerbitzuan dauden 28 unitate elektrikoetarako CAFen ontziratutako 1. mailako ERTMS ekipoen hornikuntza jasotzen du.
Hala, tren-segurtasun arloko Europako egungo estandarren araberako azken belaunaldiko sistemarekin hornituko dira. Akordioaren guztizko zenbatekoa 60 milioi euro ingurukoa izango da.
Unitate berriak 2026 eta 2027 artean entregatu beharko zaizkio Euskotreni eta operadoreari bere zerbitzu-eskaintza handitu ahal izateko gaitasun handiagoa emango dio. Izan ere, aurrez CAFek hornitutako eta gaur egun Euskadiko trenbide-sarean zerbitzua eskaintzen ari diren 900 eta 950 serieetako 58 trenei eta 2023 urte honetan jaso diren eta CAFen ontziratutako 1. mailako ERTMSa gehituta duten 940 serieko 4 trenei gehituko zaizkie.
Unitate bakoitza lau kotxek osatuko dute eta 940 serie horretako bertsio hobetua direla esan dezakegu. Unitateko kotxe guztiak interkomunikazioko korridore diafanoen bidez konektatuta egongo dira. Bidaiariarentzako zabaltasun eta erosotasun handiagoa lortzeko helburuarekin diseinatuta daude eta, gainera, erabiltzaile guztien irisgarritasuna eta segurtasuna errazteko teknologia aurreratuenak dituzte.
900 serieko lehen unitate elektrikoak zerbitzuan jarrita material mugikorra modernizatzeko asmoz Euskotrenek 2011n hasitako prozesuaren baitan sartuta dago hitzarmena. Azken urteotan, prozesu hori osatzen jarraitu du Euskotrenek ondorengo serieetako unitateak gehituta.
Unitate horietan hobekuntzak egin dituzte eta, gainera, flota guztiak homogeneotasun handiagoko irudia eskaini ahal izan da kanpoko eta barruko diseinuari dagokionez. Horrekin guztiarekin, zerbitzuan kalitatea eta segurtasuna hobetzeaz gain (lehen aipatu dugun moduan), trenen flota mantentzeko lanekin lotutako kostuak gutxitu ahal izateko hobekuntzak lor daitezke, azken belaunaldiko unitate modernoak baitira.