Proiektuak izandako arrakastak erregai-pilaren eta isurpenik gabeko bateriaren teknologia hibrido berritzailea garatzearen alde egindako apustua berretsi du eta gaur egungo deskarbonizazio-prozesuan, diesel trenen aurrean alternatiba lehiakorra eskaintzen du.
FCH2Rail proiektuak 14 milioi euroko aurrekontua du eta CAF, DLR, Toyota, Renfe, Adif, CNH2, IP eta Stemmann-Technik enpresek osatzen duten partzuergoak garatu du
Egunotan Zaragoza hirian egiten ari diren Rail Live 2024 azokaren baitan egin dute FCH2Rail proiektuari amaiera emateko ekitaldia. Azken lau urteotan, proiektuak hidrogeno bidezko erregai-piladun bi modutako proba-trena garatu du eta, jarraian, Espainiako eta Portugalgo trenbide-sareetan probatu.
Ekitaldiaren hasieran, proiektuaren garapenari buruzko aurkezpena eta orain arte izandako lorpen eta mugarri nagusiei buruzko laburpen zehatza eskaini dute. Renferen Estrategi Orokorreko zuzendariak, Paloma Baena; Jose Conradok eta Iosu Ibarbiak, Adifeko eta CAFeko CTOek; eta Emilio Nietok, CNH2ren zuzentzaileak, FCH2RAIL proiektuaren emaitzen eta ondorio estrategikoen inguruko eztabaida egin dute mahai-inguruan. Jarraian, gonbidatuek hidrogeno bidezko trenean ibilbidea egin dute CAFek Zaragozan dituen instalazioen eta Villanueva de Gállegoko tren-geltokiaren artean. Bertan izan dira, gainera, Valerie Bouillon-Delporte, Clean Hydrogen Partnership partzuergoko zuzendaria, eta proiektuan lanean aritu diren enpresetako eta proiektuari laguntza aktiboa eman dioten beste enpresa batzuetako zuzendari nagusietako batzuk.
FCH2RAIL proiektuak 4 urteko iraupena eta 14 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua zuen aurrez ikusita eta, zenbateko horretatik, % 70 inguru Europako funtsen bidez finantzatu ziren.
Proiektua 2021eko urtarrilean jarri zen abian, hidrogenoaren garapena eta erregai-pilak sustatzeko Europako Batzordeak, FCH JUk (orain Clean Hydrogen Partnershipek ordezkatu du), FCH2RAIL proposamena hautatu zuenean. Proiektuaren helburua zen hidrogeno bidez propultsatutako tren-prototipo berritzailea garatzea eta helburua arrakastarekin lortu dute proiektuko bazkideek: CAF, DLR, RENFE, TOYOTA MOTOR EUROPE, ADIF, IP, CNH2 eta Stemmann Technik.
Fuel Cell Hybrid PowerPack izenekoa lehendik zirkulazioan zegoen aldiriko tren (Renfek emandakoa) baterako garatu eta fabrikatu zuten. Isuririk gabeko energia sortzeko sistema berritzaile honek hidrogeno bidezko erregai-piletatik datorren energia elektrikoa eta LTO bateriak erabiltzen ditu. Ondorioz, ibilgailu mota horrek azpiegitura elektrifikatuan modu elektrikoan zein katenariarik gabeko sareko tarteetan modu hibridoan zirkulatzeko gaitasuna du. Iberiar penintsulan hidrogeno bidezko erregai-pilekin funtzionatu duen lehen proba-trena izan da.
Proiektuaren lehen fasea 2021ean hasi zen eta energia sortzeko soluzio berria garatzea eta ibilgailuan zegoen trakzio-sisteman txertatzea zuen helburu. Horretarako, ibilgailutik kanpo Fuel Cell Hybrid PowerPack delakoa probatu zuten, eta gero balioztatu eta energia kudeatzeko sistemaren funtzionamendua optimizatu. Lan horiek amaitu ostean, 2022an, unitatearen proba estatikoak hasi zituzten CAFek Zaragozan dituen instalazioetan. Bertan, sistema berria behar bezala instalatuta eta integratuta zegoela probatu zuten interfaze guztiak eta funtzionamendu zuzena egiaztatuta. Aldi berean, hidrogeno-sistemaren estankotasuneko probak egin zituzten hidrogenoa hartzeko lehen aldietan eta, horrenbestez, erregai-pilak elikatzean.
2022aren erdialdean, unitatearen proba dinamikoak egiten hasi ziren; lehenengo, itxitako trenbidean egin zituzten eta, bidez batez, sistema berria eta ekipoak optimizatzeko baliagarriak izan ziren. Gerora, proba haiek kanpoko bidean hasi zituzten, pilen eta baterien hibridazioa hobetuz proiekturako adierazgarritzat jotako lineetan. Horietan guztietan, zerbitzu komertziala simulatu zen. Hortaz, potentzia-eskariaren baldintza sorta zabal batean probatu zuten sistema berria.
Proiektuaren mugarri nagusietako bat izan zen Espainiako sare nazionalean probak egiteko zirkulatzeko baimena eskuratzea eta ibilgailua Zaragoza-Canfranc linean (Aragoiko Pirinioetan) probatako lehen ibilbidea egin ahal izateko atera izana. Hain zuzen ere, huraxe izan zen hidrogeno bidezko tren batek RFIGn (Interes Orokorreko Trenbide Sarea) probak egiteko zirkulaziorako Adifek emandako lehen baimena. Proba haiek, gainera, teknologia berrien entseguarekin lotutako arriskuen azterketako eta segurtasuna balioztatzeko prozesu guztiak gainditu zituzten. Trena Canfranceko geltokira iritsi izanak agerian utzi du erabilitako teknologia fidagarria dela. Izan ere, Zaragaoza eta Canfranc arteko ibilbidea bereziki zaila da arrapala aldapatsu eta garaiak dituelako. Hori guztia erronka handia izan zen ontziratutako energia sortzeko sistema berrientzat.
Teknologia berria energia-potentziaren eta -eskariaren tarte zabalean probatzeko, trenak hainbat hilabetez bidaiatu du zenbait ibilbidetan zehar, batez ere Aragoin, Madrilen eta Galizian. Izan ere, toki horiek guztiek baldintza klimatiko eta operatibo desberdinetan egindako operazioa jasotzen dute. Guztira, prototipoak modu hidrogenoan 10.000 km baino gehiago egin ditu.
Hain zuzen ere, trena Galizian zela bete zuen proiektuak beste mugarri nagusietako bat, trena Portugalera igaro zenean. Horri esker, teknologia berriaren karakterizazio osoagoa egin ahal izan zen eta, ondoren, hidrogeno-pilekin egindako bi modutako propultsio hibridoko soluzio berriaren lehiakortasuna ebaluatu ahal izan zen gaur egun linea askotan erabiltzen den diesel trakzioarekiko alternatiba jasangarri gisa.
Gainera, FCH2RAIL partzuergoak ezarritako oinarrizko beste helburuetako bat bete du: Europako tren arloko batzorde normalizatuetan parte hartu du estandar berrien garapena sustatu edo lehendik dauden estandarrak eguneratu ahal izateko, gerora hidrogeno-teknologia eta erregai-pilak Europako trenbide-sarean barneratzeko beharrezko baldintzak ahalbidetu ahal izateko.
Hori guztia kontuan hartuta, beraz, proiektuak izandako arrakastak berretsi eta indartu egiten du FCH2Rail partzuergoa osatzen duten enpresek ingurumena errespetatzen duten mugikortasun-soluzioak garatzearen alde beren gain hartutako konpromisoa. Testuinguru horren baitan, gainera, azpimarratu beharrekoa da EB barruan eta bertatik kanpo garraio agintaritza publiko eta pribatu askok gero eta interes handiagoa erakutsi dutela azken urteotan tren-garraioan hidrogeno bidezko erregai-pilekin lotutako teknologiekiko.