Eduki nagusira joan

CAF taldeko Solaris filialari 70 milioi euro balioa duten kontratuak esleitu dizkiote

CAF Taldeak, Solaris filialaren bidez, Danimarkara autobus elektrikoak eta Tallinn eta Valladolid hirietarako gas natural bidezko ibilgailuak hornitzeko kontratuak itxi ditu. Aipatutako hiru kontratuen zenbatekoa 70 milioi euro ingurukoa da.

 

Aarhus bihurtu da Solarisen autobus elektrikoak erabiliko dituen Danimarkako lehen hiria

Solarisek eta Danimarkako AarBus airelineak 29 autobus elektriko entregatzeko hitzarmena sinatu dute. Autobus horietatik 6 Solaris Urbino 12 modelokoak izango dira eta, aldiz, gainerako 23 ibilgailuak 18 metroko Urbino unitate artikulatuak. Kontratuaren arabera, zero isurpeneko autobus horiek 2022ko erdialdean entregatuko dizkiote Danimarkako enpresari.

Aarhus hiria Jutlandia penintsulan dago, Kopenhage hiriburuaren ipar-mendebaldean. Danimarkako bigarren hiri handiena da eta, akordio honi esker, Solaris autobus elektrikoak zerbitzuan jarriko dituen Eskandinaviako herrialde hartako lehena izango da.

Ibilgailuak Solaris High Energy bateriekin ekipatuta egongo dira. Ibilgailu artikulatuen kasuan, bateriek 440 kWh-ko kapazitatea izango dute guztira eta, aldiz, 12 metroko autobusetan, energia 260 kWh baino gehiagoko kapazitatea duten bateriatan biltegiratuko da. Bi modeloak bezeroaren deposituan karga arrunteko hargunearen edo pantografoaren bidez birkargatu ahal izango dira.

Solarisek fabrikatutako lehen autobusak 2006an iritsi ziren Aarhusera eta, ordutik, Solarisek ia 200 autobus hornitu dizkio Danimarkako hiri horri. Orain, ibilgailu berriekin, zero isurpeneko ibilgailuak erostearen alde egin duten eta gero eta handiagoa den Europako bezeroen taldeari batuko zaio hiria. Ibilgailuek hirietako bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dute.

 

CAF Taldeak kontratua sinatu du Estoniako Tallinn hiriari GNK bidezko 150 autobus arte hornitzeko

Bestalde, Solarisek eta Estoniako Aktsiaselts Tallinna Linnatransport (TLT) operadoreak kontratua sinatu dute gas natural konprimatu (GNK) bidez propultsatutako hiriko 100 autobus ekologiko hornitzeko. Akordioak, gainera, autobus kopurua beste 50 unitatearekin ugaritzeko aukera jasotzen du. Oinarri-kontratuko 100 ibilgailuetatik, 75 12 metroko Urbino ibilgailuak izango dira; aldiz, gainerako 25 ibilgailuak 18 metroko Urbino modelo artikulatukoak izango dira. Entregak 2022an amaitzea aurrez ikusi dute.

Urbino 12 modeloak eta Urbino 18 artikulatutako unitateek gas natural konprimatua (GNK) erabiltzeko egokitutako 235 kW-ko motorra izango dute eta baldintza klimatiko gogorretan funtzionatzeko prestatuta egongo dira motorra tenperatura oso baxutan abiaraztea errazten duen hotzeko abio-funtzioari esker. Ekipamenduari dagokionez, operadoreak kalitate handiko ekipamenduaren aldeko apustua egin du. Hala, azken belaunaldiko bidaiarientzako informazio-sistema, gailu mugikorrak birkargatzea ahalbidetuko duten USB atakak, segurtasun handiagorako zaintza-kamerak eta bidaiariak automatikoki zenbatzeko Sistema izango dituzte ibilgailuek.

Estoniako hiriburua mundu osoko hiri aurreratuenetako bat da informazioaren teknologiak aprobetxatzeari eta hiriko garraio publiko moderno eta eragingarriaren aldeko apustua egiteari dagokienez. Testuinguru horren baitan, 2002tik gaur egun arte, Tallinnek Solarisek fabrikatutako zero isurpeneko 50 trolebus baino gehiago eta GNK bidezko 200 Urbino autobus jaso ditu. Horri guztiari, gainera, CAFek hornitutako 20 tranbiak gehitu behar dizkiogu. Ibilgailu horiek, gaur egun, hiriaren erdigunean eskaintzen dute zerbitzua eta horrek are gehiago nabarmentzen du enpresak hiriburuan duen presentzia.

 

Solarisek GNK bidezko autobusak hornituko dizkio Valladolidi ere

Amaitzeko, Auvasa operadoreak, Valladolid hirian garraio-zerbitzua eskaintzen duenak, CAF Taldeko autobusak aukeratu ditu hirirako. Akordioak GNK bidez elikatutako 57 Solaris Urbino autobus arteko hornikuntza jasotzen du eta haien entregak 2021-2024 urteetan egitea aurrez ikusi da. Zehatzago esanda, kontratuak 12 metroko 35 autobus eta 22 ibilgailu artikulatu jasotzen ditu. Horiexek izango dira, hain zuzen ere, Gaztela eta Leongo hirian ibiliko diren Solaris etxeko lehen autobusak.

Solaris markak Espainiako merkatuan duen posizioa sendotu egin da; izan ere, propultsio alternatiboko ibilgailuen gama zabalaren aldeko interesa agertu duten hiriak gero eta gehiago dira. Aurten bertan, Madrilek GNK bidezko 250 autobus erosi dizkio CAF Taldeari. Aldiz, Bartzelonaren kasuan, duela gutxi entregatutako Urbino autobus elektrikoei beste 30 ibilgailu hibrido gehituko zaizkie.