Eduki nagusira joan

CAF-ek Orbital Critical Systems enpresaren % 100 erosteko akordioa itxi du

CAFek Orbital Critical Systems enpresaren akzioen % 100 erosteko akordioa itxi du. Enpresa hori tren-sektorerako eta sektore aeroespazialerako sistema kritikoak diseinatzen eta hornitzen espezializatuta dago.

Eragiketa horri esker, CAFek 2018an lehen akzio-paketea erosi zuenean abian jarritako prozesua burutu du. Eragiketa hari esker, bi enpresen arteko elkarlana eta balio teknologiko handiko bi sektoreren arteko sinergia gurutzatuak bilatzeko lanak bultzatu zituzten. Lankidetza estua izan duten hiru urteotan, hasierako apustu estrategikoa sendotu eta jarduera-ildo berriak ireki dituzte. Horietako bat izan da, hain zuzen ere, Orbital Critical Systems dagoeneko Europa mailan erreferentzia den ekipo eta sistemen hornidura, software arloaz harago joanda.

Orbital Critical Systems 2008an sortu zuten ingeniaritza-enpresa da. Artican (Nafarroa) du egoitza, eta bulegoak ditu Madrilen eta Alemanian. Hasiera-hasieran, bere jarduera batez ere sektore aeronautikoaren esparruan garatu zuen. Gaur egun, 100 ingeniari inguru ditu eta urteko fakturazioa 6 milioi euro baino gehiagokoa da, eta beste sektore batzuetarako ere hainbat proiektu gauzatzen du: trenen sektorerako eta sektore espazialerako, adibidez. Bezero nagusien artean daude Airbus eta CAF. Airbusen kasuan, Tier 1 izendapena du (zuzeneko hornitzailea) eta CAFekin sistema kritikoak garatzen lan egin du (batez ere, trenetako seinaleztapen arloan).

Azken urteotan, Orbital Critical Systems erreferentziazko enpresa bihurtu da sistema kritikoetan. Sistema kritikoak dira haien funtzioen kritikotasuna dela eta, edozein gorabeheraren aurrean funtzionamendu fidagarria ziurtatu behar duten sistema elektronikoak. Orbital Critical Systemsek sistema mota horien bizitza-ziklo osoa jasotzen du: eskakizunen zehaztapena, balioztatze- eta homologazio-probak, eta diseinua eta ezarpena barne.

Orbitalen produktuak eta zerbitzuak aplikatzeko esparruen artean daude hegaldirako nabigazio-, komunikazio- eta kontrol-sistemetarako ekipoak. Horiek guztiak honako hauetan instalatzen dira: aireontziak, sateliteak, dronak eta trenak. Horri guztiari esker, CAFek aireko eta espazioko sektoreetako teknologia aurreratuenak eta jardunbide egokiak trenen sektorean aplikatzeko aukera izan du eta horrek sinergia handiak sortu ditu.

Erosketa horren ondorioz, epe ertainera eta luzera begira hazteko potentzial oso handia duen sektorean modu erabakigarrian posizionatu da CAF. Sektore horri dagokionez, aurreikuspenen arabera, mundu mailako erronka hauek punta-puntako enpresentzako aparteko aukerak sortzen jarraituko dute: satelite bidezko banda zabaleko komunikazioa, mugikortasun autonomoa eta isurpenen murrizketa, adibidez.